Itzuli

Udalak 5,5 milioi bideratuko ditu Iruñeko biztanle guztiek kirol-jarduerak eta jarduera fisikoak egiteko aukera izan dezaten bultzatzeko

Iaz diru-laguntzek 1,4 milioi euro jo zuten, eta Arantzadik eta Sanduzelaik egunean erabiltzeko 60.000 sarrera saldu zituzten guztira, eta 8.766 abonamendu

Esther Cremaes Esther Cremaes

Iruñeko Udalak 5.439.774 euro bideratuko ditu 2018an Iruñeko biztanle guztiek aukera izan dezaten kirol-jarduerak eta jarduera fisikoak egiteko. Aisialdian garrantzia duen elementu gisa sustatu nahi da ariketa fisikoa egitearen ohitura, ongizate soziala eta psikikoa lortzeko bide ona delako. Hala azaldu dute gaur, prentsaurrekoan, Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Kiroleko udal-teknikari Ernesto Goñik. Ia 5, 5 milioi euro horietatik, 3.733.374 kirol-instalazioetako inbertsioak kudeatzeko erabiliko dira, eta 1.706.400 jarduerak sustatzeko. Bestalde, Kirol unitateak aurreikusitakoaren arabera, 700.000 euroko diru-sarrerak lortuko dira Udal Ordenantza Fiskaletan ezarritako prezio publikoen ordainketekin.

 

Iruñeko Udalak haren jabetzakoak diren instalazioak jartzen ditu herritarren eskura; honako hauek, besteak beste: zortzi kiroldegi estali, non okupazioa denboraldi honetan % 75ekoa baita eta Udaleko 22 funtzionamendu-laguntzaile lan egiten baitute; bi kirolgune, non iaz egunero erabiltzeko ia 60.000 sarrera eta epe ezberdinetarako 9.000 abonamendu saldu baitziren; hiru futbol-zelai; eta atari zabaleko hainbat instalazio. Udalaren Kirol Ekintza Planak barne hartzen ditu biztanle-sektore desberdinei zuzendutako kirol programak, non 2.850 bat lagunek parte hartzen baitute; eta diru-laguntzak emateko lau deialdi handien barnean ematen diren laguntza ekonomikoak, 1,4 milioi euroan.

 

Ikastetxeak, klubak, txapelketak eta herritarrak, oro har, instalazioen erabiltzaile.

Udalarenak dira herritarren eskura jartzen diren honako kiroldegi estali hauek: Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, Ezkaba, José Mª Iribarren, Arrotxapea, Sanduzelai eta Mendillorriko Trinket kiroldegia. Halaber, beste hauen erabilera eskaintzen du: Arantzadiko kirolgunea; Sanduzelaiko Kirol Hiria (Aquavox); Labrit pilotalekua; Udalaren Arrotxapeko, Sanduzelaiko eta Lezkairuko futbol-zelaiak; eta atari zabaleko instalazio ugari, hirian barna sakabanatutakoak eta arautu gabeko erabilerakoak.

Udal-kiroldegien batez besteko okupazioak 2017-2018ko denboraldi honetan ia % 75 jotzen du. Guztira astean erabilgarri dauden 752 orduetatik 566 daude esleituta. Okupaziorik gehiena Mendillorriko trinketean dago (% 92), Ermitagañan (% 92) eta Azpilagañan (% 90). Gero datoz Sanduzelai (% 86), Arrotxapea (% 79), Ezkaba (% 73), Arrosadia ( % 65) José Mª Iribarren (% 53) eta Arantzadi (% 34). Erreserba horiek erabiltzaile desberdinek eginak dira: 19 ikastetxe, hezkuntza fisikoko irakasgaia eta eskolaz kanpoko kirol jarduerak bertan egiteko; Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua, Nafarroako Kirol Jokoak egiteko; 18 kirol-talde, haien entrenamendu eta partida ofizialetarako; eta 6 elkarte, kirol-jarduerak egiteko.

2017an Arantzadiko Kirolguneak eta Sanduzelaiko Kirol Hiriak (Aguavox) guztira egun baterako 59.780 sarrera saldu zituzten, eta 8.766 abonamendu: urte osorako 1.862, negurako 5, udarako 3.892, seihilekoko 1.123, hiruhilekoko 566 eta hileko 1.328 abonamendu. Sarrerei dagokienez, 38.871 Arantzadin saldu ziren, eta 20.909, Sanduzelain, abonamenduak, aldiz, 5.198 Arantzadiko erabiltzaileei dagozkie, eta 3.578, Sanduzelaikoei.

Labrit pilotalekuaz bezainbatean, pilota-eskolak egiten dira bertan, esku zein erreminta modalitateetakoak; Nafarroako selekzioa prestatzen da; amateurren arteko txapelketak egiten dira (Espainiakoa, Interpreles edo Nafarroakoa); eta eskupilota profesionaleko topaketak. Udalaren futbol-zelaiak Lezkairu, Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetako klub zein eskola-kontseiluetako talde ugariren eskaria betetzeko erabiltzen dira.

 

Zuzenean antolatutako jarduerak eta diru-laguntzekin babestutako beste zenbait.

Udalaren Kirol Ekintza Planak barne hartzen ditu Udalak zuzenean antolatzen dituen kirol-programak, eta horien artean daude, hain zuzen, haurrendako Areto Futboleko Txapelketa, mantentze-gimnastikako eta aerobiceko programa gazte zein helduendako, eta 50 urtetik gorakoendako yoga-programa. Guztira, 2.850 lagun inguruk hartzen dute parte. Zehazki, 2017an, 1.100 lagunek egin zuten mantentze-gimnastika eta aerobica; 904k, 50 urtetik gorakoendako yoga; eta Areto Futboleko Txapelketan 56 taldek eman zuten izena.

Zuzenean antolatzen diren programa horien osagarri gisa, diru-laguntzak ematen dira kirol-jarduerak eta jarduera fisikoak egitea sustatzeko, diru-laguntzen lau deialdi handiren bitartez. Hori horrela, diruz laguntzen zaie txapelketa nazional absolutuetan parte hartzen duten kirol-taldeei; kirola zein ariketa fisikoa lantzen dituzten entitateei, betiere ekitaldiak, erakustaldiak edo kirol zein ariketa fisikoaren arloko beste edozein jarduerak antolatzen badituzte; kirol afizionatuko entitateei; eta irakasteko eskolak antolatzen dituzten federazioei zein kirol klubei. Diru-laguntzek, guztira, 1.421.000 jotzen dute. Udalak aurreikusita dauka deialdi horiek egiten jarraitzea 2018an, eta bakoitzaren aurrekontu-kontsignazioak antzerakoak izango dira.

Iaz 436.000 euro banatu ziren nazioko lehenengo hiru kategoria absolutuetako batean parte hartu zutenei zuzendutako deialdiaren bidez, eta diru-laguntzen onuradun izan ziren 17 kirol-modalitatetako 45 talde: eskubaloia (talde 1), areto-futbola (2), futbola (5), abiadura-patinajea (6), igeriketa (3), pilota (6), piraguismoa (3), beisbola (2), tenisa (3), padela (2), triatloia (2), hegats-igeriketa (2), mahai tenisa (1), patin-hockeya (2), atletismoa (2), waterpoloa (2) eta gimnastika erritmikoa (1). Halaber, salbuespen gisa, 100.000 euroko aparteko diru-laguntza izenduna eman zitzaion Basket Navarra klubari, garaian bizi zituen zailtasunak zirela medio, zeinek arriskuan jartzen baitzuten klubaren biziraupena.

Kirol afizionatuarendako diru-laguntzen bidez 138.000 euro banatu zitzaizkien 35 kirol-entitateri, zeinek 334 talde izan baitzituzten txapelketa arautuetan parte hartzen. Federazio eta klubek antolatutako irakasteko kirol-eskolei dagokienez, 230.000 euroko diru-laguntza eman zitzaien, guztira, 2017an. Diru-laguntza eskuratu zuten piraguismoko, pilotako, saskibaloiko, xakeko, eskubaloiko, beisboleko, igeriketako, errugbiko, mahai-teniseko, padeleko, eta egokitutako kiroletako federazioek, baita eta klub hauek ere: Oberena (areto-futbola), Ermitagañako Txirrindulari Taldea (txirrindularitza), Trikideak Kirol Kluba (triatloia), Navarvoley Kirol Kluba (boleibola), Pamplona Atlético Kluba (atletismoa), Azpilagañako Badminton Kirol Kluba (badmintona) eta Nafarroako Atletismo taldea (atletismoa). Kirol-modalitate ezberdin horietan 9.360 ikaslek parte hartu zuten.

Azkenik, kirol-ekitaldiak eta emanaldiak antolatzeko 617.000 euro bideratu ziren, zeinak 43 kirol-entitateren artean banatu baitziren, 62 programa edo jarduera antolatzeko honako modalitate hauetan: igeriketa, futbola, adinekoendako jarduera fisikoa, saskibaloia, txirrindularitza, triatloia, errugbia, esgrima, urpeko jarduerak, hipika, judoa, gimnastika, tiro olinpikoa, squasha, karatea, tenisa, abiadura-patinajea, piraguismoa, arrantza, taekwondoa, beisbola, atletismoa, egokitutako kirolak, mendizaletasuna eta eskalada, mahai-tenisa, halterofilia, igeriketa eta orientazioko lasterketa.

Azkenik, Udalak zuzenean babesten ditu San Fermin Marathon lasterketa, oinezko Zubiri-Pamplona lasterketa eta erremonte txapelketak, Remonte Euskal Jai fundazioaren bitartez. Horietako bakoitzarendako 6.000 euroko laguntza ez ohikoa ematea aurreikusi da.

 

Ekimen eta inbertsio berriak aurreikusi dira 2018rako.

Iruñeko Udala lanean ari da 2018an ekimen berriak txertatzeko, horrela erantzuna emateko hiriko hainbat kirol-kolektiboren eskaerei. Hori horrela, 75.000 euroko diru-laguntza lerro berri bat proiektatu da, udako eta neguko instalazio propioak eta haien ustiapen-kontuetan defizit ekonomikoak dituzten kirol-elkarteendako.

Inbertsioei dagokienez, Arrotxapeko El Irati udal futbol-zelaiko belar sintetikoa aldatzeko lanak amaituko dira aurten, Antoniuttiko patinaje-zirkuitua egokitu eta berritzeko lanak egingo dira, eta hein batean estaliko dira Lezkairuko zalduko udal futbol-zelaiko harmailak. Horrez gain, Antoniuttiko skate parka egokitu eta berritzeko lanak hasiko dira.

 

 

Iturria: Iruñeko Udala, 2018ko otsailaren 22an 

 

Izena eman gure buletina jasotzeko