Udalaren gehiengo demokratikoaren babesarekin Lizarrarentzako gobernu egonkor baten eraketa txalotu du Geroa Baik
Navarra Sumak osoko bilkura baliabide telematikoen bitartez egitea galarazi ondoren bertara ez agertzeak, hiriko alkate ohiaren neurri demokratikoa nondik norakoa den frogatzen du eta hura ordezkatzeko beharra zegoela berresten du koalizioak
Udalaren gehiengo subirano eta arduratsuaren babesarekin Lizarrako udalean gobernu berri baten eraketa txalotu du Geroa Baik, gaurko egunean Gonzalo Fuentes Lizarrako alkatearen aurkako zentsura mozioa, Pablo Ezkurra gure zinegotziaren aldeko botoarekin onartu ondoren.
Geroa Bain ziur gaude gobernu berriak hiriari behar duen egonkortasuna emango diola, orain arte Lizarrarentzako neurri eta proiektu onuragarriak ezarri eta aurrera ateratzeko gehiengoak eratzeko ezgai zen gutxiengoko gobernu baten aurrean. Halaber, koalizioaren aburuz udalean hain beharrezkoa den egonkortasunak Covid-19 birusak sortutako osasun krisialdiari ahalik eta modurik hoberenean aurre egitea ahalbidetuko du.
Geroa Baik bere haserrea adierazi nahi du Navarra Sumak edukitako jarreragatik, osoko bilkura modu telematikoan egitea galarazi baitu, hori egiteko probetara atzo agertu ez ostean, horregatik modu presentzialean egitera behartuz eta bilera horretara ere ez agertuz, koronabirusaren krisialdia aitzakia moduan hartuz ezarritako arau demokratikoei men ez egiteko. “Hortaz, Navarra Suma izan da, eta ez beste inor, besaulkiari modurik doilorrenean eusteko osoko bilkura modu telematikoan egitea galarazi duena”, azpimarratu du Pablo Ezkurrak.
Pasa den asteburuan zehar, Udal Idazkariak eta ANIMSA enpresa publikoak udalbatza baliabide informatikoen bitartez modu telematikoan egiteko lanean aritu ziren, azkenean hori bideragarri egitea lortuz. Atzoko eguerdian konexio proba bat burutu zen eta bideokonferentzia sistemak bikain funtzionatzen zuela frogatu zen. Proba horretan atxiki gabeko zinegotziak, EH Bildu, PSN eta Geroa Bai konektatu ziren. Navarra Suma bertan egon ez zenez, idazkaritzatik haiekin kontaktuan jartzen saiatu ziren, baina ez zen posible izan eta talde guztiei ohartarazi zitzaien zinegotzi guztiak ez konektatzekotan, edo bertaratuko ez zirela adierazi ezean, osoko bilkura modu presentzialean egingo zela.
Halaber, Geroa Baik tamalgarria deritzo Navarra Sumak osoko bilkura ez egiteko arrazoia osasun krisialdi larriari egotzi izana, martxoaren 21ean Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioak “tokiko ordezkaritza organoak eta Gobernu organoak (osoko bilkurak, gobernu batzarrak, osoko bilkurako batzordeak) modu telematikoan bilerak egin eta alarma egoeran zehar akordioak hartzeko aukerari” bere babesa eman ondoren. Modu honetan ezkutatzeak jada alkate ohia denaren neurri politikoa nolakoa den frogatzen du, aldi berean Geroa Baik hartutako erabakia zuzena izan dela berretsiz.
Udalbatza, bestalde, osasun neurri eta neurri juridiko zorrotzenak betez burutu da. Osasungintza Ministerioaren aholkuak jarraitu dira, hots zinegotzien artean bi metro baino gehiagoko tartea eta aurretiaz osoko bilkuren aretoa eta bertako sarrerak ozono makina baten bitartez desinfektatzea.
Egoera eutsiezina
Geroa Bairen aburuz jada alkate ohi denak Lizarrako Udala egoera eutsiezin batera eraman du, eta errudunak kanpoan bilatu ordez, Navarra Sumak barruan begiratu beharko luke, “Gonzalo Fuentes enpatia edukitzeko eta elkarrizketan aritzeko gaitasunik ez baitu. Oposizioa gutxiesten du eta debekurako erraztasuna du, horrelakorik egiteko gehiengorik eduki ez arren, horrela ezer adostea ezinezko eginez. Oposizioaren eta gobernuaren artean jarduteko klima egoki bat sortzeko ere zeharo ezgai izan da”, nabarmendu du Pablo Ezkurrak. “Geroa Baitik hasieratik egon gara, eta hala frogatu genuen bai ekainean bai eta oraingoan ere, Lizarrarentzako gobernu aurrerakoi baten alde”, gaineratu du.
Geroa Baik Garapen Ekonomikorako zinegotzigoa hartuko du (lehengo Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo zinegotzigoak) udal gobernu berrian, koronabirusa dela eta datorkigun krisialdi ekonomikoari modu erabakian aurre egoteko erronkarekin. “Lizarraren onerako etorkizunera begiratu behar dugu”, azpimarratu du Ezkurrak. Halaber, “Nafarroako Gobernuarekin harremanak sendotuko ditugu lehenbailehen lurzoru industrialaren eskuragarritasuna bizkortzeko, merkatari txiki eta ostalariei behar den guztian lagunduko diegu konorabirusaren ondorioz izandako diru-sarrera eta kontratazioen gainbehera leheneratzeko, eta hiriko hotel sektoreari deialdia egingo diogu hiriko hotel okupazioa lehenbailehen berrezartzeko”.
Azkenik, Geroa Baik bere laguntza eta babes osoa agertu nahi dizkio Lizarrako udaleko bere zinegotziari presio handiko une latz hauetan.