Udalerriak 70.000 euro galtzea eragin duen UPN-ren kudeaketa okerra salatu du Eguesibarreko Geroa Baik
Bide segurtasunerako neurriak ezartzeko Geroa Baik Nafarroako Aurrekontu Orokorrei egindako zuzenketa bat galdu egin da UPNren gobernu taldeen ezgaitasuna dela eta

Eguesibarreko Geroa Baik salatu duenez, “70.000 euroko partida bat galtzea eragin du UPNren gobernu taldeen kudeaketa okerrak, bide segurtasunerako neurriak ezartzeko aukera galdu baita”.
Koalizioak azaldu duenez, “bide segurtasuna eta auto harrapatzeen gaineko kezkaren aurrean, Eguesibarreko Geroa Baik, parlamentu taldearekin batera, zuzenketa bat egin zien 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei oinezkoentzako pasabide erabilienetan eta arriskutsuenetan bide segurtasunerako neurriak ezartzeko”. “Zebra bide adimentsuak jartzea zen inbertsioaren helburua, ibilgailuen gidariak zebra bidearen hurbiltasunaz ohartarazteaz gain, oinezkoak ere errepidearen hurbiltasunaz jabearaziz”, azaldu dute.
2022 eta 2023 urteetan zehar koalizioak gai honen gaineko jarraipen estua egin du, izan ere Eguesibarreko Geroa Bairentzat “funtsezkoa da oinezkoentzako pasabide adimentsu hauek jartzea”. Modu honetan, Eguesibarreko Geroa Baik azaldu duenez, “2022an aurreko Gobernu taldetik aitzakia moduan esan zuten Sarrigurenen zebra bide adimentsu hauek jartzea proposatu zen tokia oinezkoentzako gune bihurtzeko asmoa zegoela, eta horregatik komenigarria zela lan hauek egitera itxarotea bi obra ezberdin ez egiteko eta gastua ez bikoizteko”. “Talde guztiok arazorik gabe eman genion baiezkoa horri, Gobernu taldetik ziurtatu baitziguten zuzenketa honetan aurreikusitako diru kopurua ez zela inolako kasutan galduko”, ziurtatu dute.
“2023an, UPNren gobernu taldeak ziurtatu zuenez, exekuzio epean luzapen bati esker, Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotzeko zeuden 70.000 euroak bermaturik zeuden, oinezkoentzako pasabide adimentsuen kokaleku guztiak onartu baitzituen jada, bai Gobernuaren eskuduntzakoak zirenak, Olazko Zeharbidea eta Eguesko Zeharbidea, bai eta udalaren eskuduntzakoak Sarrigurenen.
Eguesibarreko Geroa Baik ziurtatu du “prozesu hau hurbiletik” jarraitu dutela, “bai udalbatzan bai eta batzordean egindako galdera kopuru kontaezinekin, bai eta modu estraofizialean ere, azkeneko Hirigintza batzordean gunea oinezkoentzako egiteko proiektua aurkeztu arte, bertan ohartuz jada ez zeudela Geroa Baik proposaturiko zebra bide adimentsuak”. “UPNk eskainitako azalpenaren arabera epea iraungi egin zen eta, hortaz, 70.000 euroko partida galdu egin zen”, salatu du Geroa Baik.
Koalizioaren arabera, “aurreko legegintzaldiko eta egungo UPNko gobernu taldeen komunikazio eta elkar ulertze falta, bere zinegotzien eraginkortasun eza eta Eguesibarreko UPNren barne arazoek eragin dute 70.000 euro hauen galera, baina okerrena zera da, auto harrapaketen aurrean oinezkoei segurtasun handiagoa eskaintzeko aukerari uko egin zaiola, eta arazo larria dugu hori Eguesibarreko bide segurtasunean”.