Uharteko Geroa Bai Orbaizetan etxebizitzak eraikitzearen alde agertu da
Koalizioaren udal taldeak Hirigintza Batzordearen bilera egitea proposatu du, bertan formakuntza politiko bakoitzak jarrera har dezan eta udalerrian dagoen etxebizitza beharrari erantzuna emateko
Uharteko Geroa Baik Orbaizetan etxebizitzak eraikitzearen aldeko jarrera agertu du, duela bi urtetik hona Udaleko Hirigintza Batzordearen bilera ezberdinetan landu den proposamena izanik hori, baina orain arte erantzunik izan ez duena. Horregatik, koalizioaren udal taldeak Hirigintza Batzordearen bilera egitea proposatu du, Orbaizetaren txalet zaharra urbanizatzeko planteatzen diren aukera ezberdinen inguruan, 2025eko maiatzaren 20an egin zen azken bileraren ondoren, formakuntza bakoitzak jarrera bat ager dezan.
Uharteko Geroa Baik ziurtatu duenez, “Udal moduan gure esku dauden aukerekin, beharrezkoa da gure herrian dauden etxebizitza beharrei erantzuna ematea, eta Uharten bizi diren gazteek haien bizitza bertan garatzeko aukera izan dezaten”. “Orbaizetaren txaletean planteatu den ekimenaren kasuan, Udalean bi urteko ibilbidea duen proiektu bati buruz ari gara, proposamen ugarirekin mahai gainean eta Batzordeak berak etxebizitza proiektu batera egin duen bisitarekin ere”.
Koalizioaren udal taldeak nabarmendu duenez, “Geroa Baitik Uharten bizi diren pertsonen beharrei erantzuna eman nahi diegu eta modu orekatuan eman gainera: fasez fase egingo den eraikuntza planteamendu batekin, denboran zehar irtenbide zabalagoa eskainiz eta horren bitartez Udalak etxebizitza kopuru egoki bat bere esku edukitzeko moduz, horrela udalerrian erroldatutako bizilagunei eskaintzeko”.
“Gure taldetik gure konpromiso sendoa agertzen dugu sormenezko irtenbideak bilatzearen alde, gure udalerrian etxebizitza lortzeko arazoari modu eraginkorrean eta berritzailean heltzeko”, azpimarratu du Uharteko Geroa Baik, modu honetan, pertsonengan arreta jartzen duen etxebizitza politika baten aldeko bere konpromisoa eta apustua berretsiz, denontzako etxebizitza duin eta eskuragarria lortze aldera.
“Etxebizitza oinarrizko eskubide moduan ulertu beharra dago eta gure eredua eredu orekatua, jasangarria eta sozialki zuzena da. Kontziente gara etxebizitzaren arazoa egiturazkoa dela eta optika askotatik heldu behar zaiola, baina ez da onargarria Udal honetatik bizkarra ematea gure udalerrian berebiziko garrantzia duen beharrizan bati eta gure baliabideen neurrian erantzunik ez ematea etxebizitzarako eskubidea babesteko”, adierazi du amaitzeko udal taldeak.