Uharteko Geroa Baik PA-30 autobidearen ingurabidea egin dadila aldarrikatu du berriro
Koalizioaren udal taldeak biharko Udalbatzan eztabaidatuko den ekimen bat aurkeztu du, horren bitartez Lurralde Kohesiorako departamentua premiatuz proiektu hau lehenetsi dezan
Uharteko Geroa Baik PA-30 autobidean, udalerrian duen tartean, ingurabidea egin dadila aldarrikatu du berriro, horretarako biharko Udalbatzan eztabaidatuko den ekimen bat aurkeztuz, horren bitartez Lurralde Kohesiorako Departamentua premiatuz proiektu hau lehenetsi dezan.
Koalizioaren udal taldeak gogorarazi duenez, “hamar urte baino gehiago pasa dira ingurabide hau aintzat hartzen zuen Foru Agindua onartu zenetik”, eta azpimarratu du “azken urteotan bide segurtasunean hobekuntzak burutu diren arren, gaur egun proiektu hau gauzatu gabe” jarraitzen duela, “zalantzarik gabe beharrezkoa izanik eta denboraldi honetan zehar egondako hamaika eskaera instituzional eta sozialak egon direlarik ere”.
Zentzu honetan, Uharteko Geroa Baik ziurtatu duenez, “2017an jada, Udalak aho batez onartu zuen adierazpen instituzional bat, azpiegitura hau lehentasun osokotzat joz”, eta berretsi du “urte hauetan zehar, bai Udalbatzak, bai eta gizarte zein bizilagun eragileek, ekimen honi heltzearen premia” adierazi dutela.
“PA-30 autobidearen egungo ibilbideak, trafiko dentsitate handiko guneak zeharkatzen ditu (23.000 ibilgailu egunero), zama handiko ibilgailuak izanik bereziki, bai eta merkataritza jarduerako guneak edo etxebizitza guneak ere, eta ingurabidearen exekuzioak trafiko hori desbideratzea ahalbidetuko luke, herrigunean trafikoa arinduz, segurtasuna hobetuz, udalerriaren garapen ekonomikoa eta urbanistikoa erraztuz, eta herritarren bizi kalitatea modu nabarmenean hobetuz”, argudiatu du koalizioaren udal taldeak.
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako ekimenean, Uharteko Geroa Baik Udalbatzari proposatzen dio “PA-30 autobideak Uharteko udalerritik duen ibilbidean ingurabidea burutzearen beharra premiazkoa eta atzeraezina dela berrestea, 119/2013 Foru Aginduan jada jaso zen moduan eta Udal honek hainbatetan aldarrikatu duen modu berean”. Honetaz gain, koalizioaren ekimenak “Nafarroako Gobernua premiatzen du, eta bereziki Lurralde Kohesiorako Departamentua, proiektu hau ahalik eta epe motzenean burutu dezan, hurrengo Nafarroako Aurrekontu Orokorretan beharrezko finantzaketa emanez”.