Itzuli

Uharteko Geroa Baik Uharten gobernu aurrerakoi, solido eta egonkor baten alde egiten du

Amparo López PSNko alkatearen dimisioaren aurrean, Uharteko Geroa Bairen iritziz zeharo frogatu da GIHren eta Navarra Sumaren arduragabekeria alkate izateko udaleko azken indar politikoari haien babesa eman ziotenean, aurretik inolako programa akordiorik egin gabe gainera. Gure koalizioaren ustez zerrenda bozkatuenaren alternatiba diren gehiengoak eraikitzea ahalbidetzen du gure hauteskunde sistemak, baina Uharteko kasuan errebantxismo politiko hutsak eraginda okertu da legea, pasa den ekainaren 15eko Udalaren eratze Osoko Bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago hartutako erabaki baten ondorioz.

10 egun baino gutxiagoren buruan egingo den bozketa berrian PSNk edukiko du gobernu berria eratzeko giltza eta GIHk alkatetza ez lortzea espero dugu. Uharteko Geroa Bairen iritziz Crespo jauna (GIH) buru duen gobernu bat Navarra Suma koalizioaren menpe egongo litzateke, jada Nafarroako udalerri askotan nabaritzen ari diren politika atzerakoien menpe alegia, hots Iruñea, Lizarra edo Eguesibarreko kasuetan bezala. Erabat gaitzesten ditugun politika sektario eta baztertzaileak alegia.

Datozen egunetan sortutako ziurgabetasuna argitzea espero du Uharteko Geroa Baik, modu horretan Uharteko bizilagunek gobernu aurrerakoi, solido eta egonkorra eduki dezaten. Zentzu honetan, koalizioaren udal taldeak iragarri duenez EH Bilduri emango dio bere babesa, pasa den ekainaren 15ean agertutako koherentziari helduz, Nafarroako udal ezberdinetan boto gehien jasotako indar aurrerakoiari bere babesa eskainiz alegia.

Izena eman gure buletina jasotzeko