Itzuli

Uharteko Geroa Baik zergen, tasen eta salneurri publikoen proposamena babestuko du, errenta irizpideen araberako hobariak proposamenaren baitan sartu ondoren

Udal taldeak nabarmendu du bi urteren ondoren bere proposamen bati betekizuna emango zaiola

    Uharteko Geroa Baik zergen, tasen eta salneurri publikoen proposamena onartuko du bihar egingo den Udalbatzan, errenta irizpideen araberako hobariak proposamenaren baitan sartu ondoren, bai eta eguzki energiaren edo beste energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemen instalaziorako hobariak ere. 

    Udal taldeak gogorarazi duenez, errenta irizpideen araberako zerga-arintze bat aztertzeko konpromisoa 2023ko urrian hartu zuen EH Bilduren gobernu taldeak, familia ugari eta gurasobakarrekoen kontribuzioan hobariak aztertzea eskatzen zuen PSNren mozio baten ondoren, mozio horri Geroa Baik zuzenketa egin ziolarik ere, hobari horiek “errenta irizpideen arabera burutu zitezen”, eta hobari hauek “kontribuziozkoak ez diren pentsioetara parekatzeko, bai eta Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrera jasotzen dutenen egoerara parekatzeko”. 

    Geroa Bairen zuzenketak gainera, “eguzki energia edo beste energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu diren eraikinentzako hobariak ezartzeko” aukera planteatzen zuen, hauek ere “errenta irizpideen araberakoak izanik”, horregatik, udal taldearen aburuz “oso positiboa da, bi urteren ondoren izan arren, proposamen honi betekizuna eman izana, jakinik gainera aho batez onartutako proposamena izan zela”.

    Azkenik, Uharteko Geroa Baik azaldu du azkeneko Ogasun batzordean, hutsik dauden etxebizitzen gaineko zerga bat arautzeko zerga ordenantza bat lantzea proposatu zela, espekulazioari aurre egiteko beharrezkoa den tresna baita, bai eta etxebizitzaren eskuragarritasuna mesedetzeko ere, eta bere konpromisoa agertu du etxebizitza eskuragarria sustatzen duten neurriak bultzatzen jarraitzeko, Orbaizetan etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren ildo berean, edota etxebizitza duin eta eskuragarria lortzea bermatzen lagunduko duten beste proposamenen ildoan ere, Uharteko bizilagunek haien bizitza eta etorkizuna herrian bertan garatzeko duten eskubidea defendatuz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko