Itzuli

Unai Hualde ikerkuntza eta sentsibilizazioa bultzatzearen alde mintzatu da, gizarte- nahiz osasun-arloko zerbitzuak jasotzean aukera-berdintasunari lotutako ikuspegi integral batetik betiere

Parlamentuan jardunaldi bat egin da Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna dela-eta

    Unai Hualde Unai Hualde

    Nafarroako Parlamentuan jardunaldi bat egin da, goizean goiz hasita, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna dela-eta. GERNA-Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldeak antolatutako jardunaldi honetan azpimarratu denez, mobilizazio globala bultzatu beharra dago, patologia horiek agenda publikoan sar daitezen.   

     

    Jardunaldiari hasiera emateko hitza hartu duenean, Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek azpimarratu du zein garrantzitsua den "elkarte-sarearekiko komunikazioa elikatzea, elkarte horien proposamenek eta errebindikazioek oihartzuna izan dezaten. Oraingo honetan, gaixotasun arraroak ezagutzera emateaz ari gara; izan ere, arraroak izanagatik adierazgarriak dira, estigmak haustea eskatzen dute, diagnosia lehenbailehen egitea eta arreta hobetzea eskatzen dute".

     

    Hori dela-eta, lehendakariak gogora ekarri ditu Parlamentuari dagozkion legegintza eta kontrol eginkizunak eta, zehazki, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua osatuko duten zuzenketen eztabaida. Horren harira, lehendakariak lege horren garrantzia nabarmendu du, eta espero du, politika sozioekonomikoaren helburuen adierazpide zifratu, bateratu eta sistematikoa den aldetik, "osasungintza nahiz zerbitzu publiko guztiak optimizatzeko" balioko duela.

     

    Bere mintzaldia amaitzeko, GERNAren erreibindikazioak babeste aldera Eledunen Batzarrak astelehenean onetsi zuen adierazpen instituzionala ekarri du gogora, nabarmentzeko Parlamentuak "ikerkuntza eta sentsibilizazioa" bultzatzeko asmo sendoa duela, gizarte- nahiz osasun-arloko zerbitzuak jasotzean aukera-berdintasunari lotutako ikuspegi integral batetik betiere. Mahai-inguru hauetatik osasun-sistema hobeago bat lortzen lagunduko duten esperientziak eta ondorioak ateratzea espero dugu."

    Izena eman gure buletina jasotzeko