Itzuli

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak Hitzak Lege erakusketa inauguratu du

    Unai Hualde Unai Hualde

    Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak Hitzak Lege erakusketa inauguratu du gaur. Euskaraz sortutako testu juridiko esanguratsuen bilduma honek “agerian uzten du idatzizko zuzenbideak gure historian eta gure hizkuntzan duen garrantzia, Foru Legegileak berak aurkeztutako dokumentuetan ikus daitekeenez”.

     

    Hala adierazi du lehendakariak Euskaltzaindiak Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileekin elkarlanean antolatu duen erakusketaren inaugurazio ekitaldian. “Pertsona eta erakundeen arteko harreman juridikoetan euskarak lortu duen garrantzia nabarmentzeko helburua du bildumak. Berriz ere euskarak, gure hizkuntzak, batzen gaitu gure ondarea, historia eta oraina balioesteko”.

     

    Eskuizkribuen, dokumentuen eta ikus-entzunezko piezen bilketan eta  antolaketan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztien laguntza eskertu ondoren eta Ganberako zerbitzuak berariaz aipatuz, Unai Hualdek adierazi du “hizkuntzek, are gehiago berezkoen kasuan, ez diotela inori kalterik egiten. Aitzitik, pertsona eta gizarte gisa aberasten gaituzte. Garrantzitsua da hori gogoratzea, oraindik ere, zenbait kasutan, errealitate hau ukatu egiten baita”.

     

    Lehendakariak, amaitzeko, eskerrak eman ditu, eta “Euskararen Foru Legean oinarrituta Nafarroako erakundeei euskara zaintzeko eta sustatzeko dagokien betebeharra” aldarrikatu du. “Jarrai dezagun geure hizkuntzaren aldeko pausoak ematen. Goza ezazue gure izaeraren isla ere baden erakusketa honetaz, euskararen lurraldean bizi garenon izaeraz, jakina baita emandako hitzak lotzen gaituela, konprometitzen gaituela”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko