Itzuli

Foru hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak jardunaldiak aurkeztu ditu Unai Hualde

2021eko ebazpen batek ezarritakoari jarraituz, jardunaldiak 13/1982 Legearen eguneratzea aztertuko duen ponentziaren oinarri izango dira eta bertan landutako edukiak liburu batean jasoko dira

    Unai Hualde Unai Hualde

    Foru hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak jardunaldiak aurkeztu ditu gaur Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak. Azterketa politikorako mintegi bat izanen da, NUPekin elkarlanean antolatua eta publikoari irekia. 22 ponentzia eginen dira jardunaldien baitan, eta Ganberan ordezkaritza duten taldeek izendatutako sei adituren eskutik baloraziorako mahai politiko bat ere izanen da. Martxoaren 4an eta 18an egingo dira.

     

    Azaroaren 4an Komunitatearen egoerari buruzko Eztabaidaren baitan onartutako ebazpen baten edukiari erantzuten diote jardunaldiek. Ebazpen horretan Legebiltzarrari agindu zitzaion, batetik, “autogobernuari buruzko saio batzuk egin zitzala akademia- eta unibertsitate-arloko adituekin, eta ponentzia bat sor zezala Lorafnaren eguneraketa aztertzeko”, bestetik.

     

    Ildo horretan, “Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Legean ezarritako eskumenak erabat garatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatzeko” asmoarekin eta Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek izenpetutako “Programa akordioan oinarrituta”, Unai Hualdek gogorarazi du Osoko Bilkurak transferitu gabeko eskumenen negoziazioa eskatu zuela azaroan.

     

    Horregatik guztiagatik, eta “jardunaldi hauetatik ateratzen diren hausnarketak autogobernua indartzeko oso garrantzitsuak izan daitezkeela” iritzita, lehendakariak bere egin du Lorafnari buruzko saioetarako bidea eman duen ebazpenaren edukia, eta “pozik” agertu da azken urteotan Estatuarekin batera hasitako konpromisoagatik, “Nafarroak bere gain har ditzan trafikoari buruzko transferentzia historikoak, oraindik egiteke daudenak”.

     

    Lehendakariaren hitzetan, aukera ona da “testuinguru politikoa, aurrekari juridikoak eta gure oinarrizko arau instituzionala egiteko prozesua hobeto ezagutzeko. Horretarako lekuko zuzenak ditugu, hala nola Juan Cruz Alli, Nafarroako lehendakari eta foru parlamentari ohia eta irakaslea da, eta, oro har, lehen mailako hizlari talde oso anitza izanen dugu”.

     

    Amaitzeko, Roldan Jimenoren eta NUPeko I-Communitas Institutuaren batzorde antolatzailearen inplikazioa eskertu ondoren, Unai Hualdek dei egin du hilaren 4tik 18ra bitartean Lorafnaren doktrina-azterketari buruz hausnartzeko. “Herritarren parte-hartzea garrantzitsua” dela nabarmenduz, bertaratu edo Parlamentuaren webgunearen bidez entzuteko, galdetzeko eta parte hartzeko gonbita egin du.

     

    “Legealdi honetan Foru Legebiltzarraren eta Kontuen Ganberaren 40 urteak ospatu ditugu. Orain Lorafnaren txanda da. Gaiak merezi du, eta horren erakusle da jardunaldi hauek etorkizuneko ponentziaren lanaren oinarri izango direla. Hitzaldien edukia liburu batean argitaratuko da”, amaitu du Lehendakariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko