Itzuli

Unai Hualdek berretsi du beharrezkoa dela ludopatiaren prebentzioan, adingabeen eta babesik gabeko kolektiboen babesean eta joko arduratsuaren sustapenean jardutea

"Joko eta Ikuskizunen Brigada: 40 urte" jardunaldia egin da Parlamentuan, Foruzaingoak antolatuta

    Unai Hualde Unai Hualde

    Joko eta Ikuskizunen Brigada: 40 urte izeneko jardunaldia egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, Foruzaingoak antolatuta Foru Legebiltzarrarekin lankidetzan.

     

    Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera jardunaldiari, eta honako hau azpimarratu du: “Joko eta Ikuskizunen Brigadaren lana ezagutarazi eta balioztatu behar dugu. Brigada hau izan da polizia-arloko eskumen esklusibo bat izan duen bakarra, duela gutxi Trafikoa gure gain hartu arte. Une egokia da brigada honen historia ezagutzeko; izan ere, 1986az geroztik lanean ari da zezen-ikuskizunak eta joko-aretoak kontrolatzen eta ikuskatzen, bai eta adikzioak prebenitzen ere”, adierazi du.

     

    Gauzak horrela, eta Jokoari buruzko Foru Legearen azken bertsioari dagokionez, zeina oinarrituta baitago Apustu-etxeen nafar araubidea prestatzeko ponentziaren (2019-21) irizpenean, Unai Hualdek azpimarratu du Brigadak funtsezko zeregina egin zuela aztertze aldera “nola jarduten ahal den ludopatiaren prebentzioan, adingabeen eta babesik gabeko kolektiboen babesean eta joko arduratsuaren sustapenean”.

     

    Horri dagokionez, lehendakariak ohartarazi du jokoa bilakaera izugarria izaten ari dela teknologia berrien ondorioz, eta lanean jarraitzeko deia egin du, kontuan hartuta gazteek irispide erraza dutela, bereziki kirol-apustuei dagokienez, “ikastetxeetatik gertu joko-aretoak ugaritzearen eta horien publizitatea egitearen kontrako legedia ezartzen jarraitzeko. Lanean jarraitu behar dugu ludopatiaren prebentzioaren eta kontrolaren alde”, berretsi du.

     

    Unai Hualdek, amaitzeko, gizarte-sarearen ekarpena eskertu du, eta aipamen berezia egin die Aralar elkarteari eta haren gisakoei: "elkartegintzaren eta erakundeen arteko lankidetzaren eredu ona dira, eta hori funtsezkoa da zerbitzuak hobetzeko. Amaitzeko, Foruzaingoaren ekimena eskertu nahi dut, eta berriro diot: Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legearen arabera, polizia integralaren eredu baten alde lan egiten jarraituko dugu”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko