Unai Hualdek desberdintasunaren aurkako borrokarekiko konpromiso politiko eta instituzionala azpimarratu du, “giza eskubideen arloko arazoa baita, diru-sarrera eta baliabide faltatik haratago doana”
Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi bat egin du
Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzional bat egin du gaur Gizarte Erakundeen Plataformarekin batera. ‘Pobreziaren aurka, aniztasuna aberastasuna da’ lelopean, desberdintasunari aurre egiteko konpromiso politiko eta instituzional irmoa mahai gaineratzeko balio izan du.
Hala adierazi du Unai Hualde Parlamentuko presidenteak. Izan ere, “giza eskubideen arloko arazo hau diru-sarrera eta baliabide faltatik haratago baitoa. Pobreziak aurpegi asko ditu, eta irtenbidea aniztasunetik eta ikuspegi zabaletik aurre egitea da. Guztion ardura da, erakundeena eta elkarte-sarearena, elkarrekin jardutea, inor atzean utzi gabe”.
Adierazitakoaren ildotik, eta pandemiaren ondorioei dagokienez, presidenteak politika publikoak aplikatzen jarraitzearen alde egin du, baliabiderik ez duten edo baliabide gutxi dituzten pertsonen egoeretan eraginkortasunez eragiteko; izan ere, “krisi sozialak, ekonomikoak eta sanitarioak kalte handiagoa egin die egoera txarrean zeudenei. Horren erakusgarri dira duela egun batzuk Nafarroako Erriberan pobreziari buruz ezagutu genituen zifrak”.
Testuinguru horretan, eta “pandemiak eragin dituen erronka global berriei aurre egiteko beharra” azpimarratu ondoren, Unai Hualdek otsailean eguneratutako Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Itunera jo du, bertan ezarritako Jarraipen Batzordea berehala sortuko dela iragartzeko. “Asko dago egiteko, baina talde parlamentarioen eta Nafarroako erakunde guztien konpromisoa eztabaidaezina da”.
Horrela, gizarte-erakundeak zoriondu eta Plataformak, erreferentziazko erakunde gisa, gizarte-eredu justu, bidezko eta jasangarri bat defendatzeko egiten duen lana azpimarratu ondoren, Unai Hualdek Eledunen Batzarrak hilaren 13an onetsitako Adierazpen Instituzionala irakurri du, Legebiltzarrak premia handiena dutenen eskubideak eta interesak defendatzeko duen konpromisoa berretsiz.
Unai Hualde