Unai Hualdek gaitzetsi egin du Parlamentuaren kanpoaldean elkarretaraturiko nekazariek Parlamentuaren eraikinaz jabetzeko egin duten ahalegina
Lehendakariak Kapitoliokoekin konparatu du gertatua, eta iragarri du asmoa duela Mahaiari eta Eledunen Batzarrari testu bat igortzeko, "demokrazian tamalgarriak eta onartezinak" diren gertakari batzuk bipil errefusatzekoa
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaitzetsi egin du ostegun honetan eraikinaren kanpoaldean elkarretaraturiko nekazariek eginiko saioa, foru legebiltzarraz jabetzekoa, eta Kapitolioan gertatuarekin alderatu du: "Kapitolioaren erasoa zirudien; zeharo lotsagarria da".
2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren bozketa bukatu ondoren, Hualdek agerraldia egin du hedabideen aurrean, "Parlamentuko lehendakari naizen aldetik erarik bipilenean gaitzesteko gaur goizean suertatu zaigun gertakari erabat tamalgarri, onartezin eta gaitzesgarria, zeina halakoa baita are demokraziaren ikuspegitik ere".
"Jende guztiak daki Parlamentu honetan, Nafarroako Parlamentuan, taldeek eta erakunde honek berak ere mundu guztiari egiten diotela harrera, baldin horretarako arauzko bideak erabiltzen badira. Parlamentu erabat irekia dugu hau. Baina hemen bizi izan duguna besterik izan da, zalantzarik gabe. Demokrazia batean onartezina da Osoko Bilkura bat abian dagoenean haren gain hertsatze-ahalegina egitea", salatu du.
Gertakariak ofizialki gaitzesteko xedez, Parlamentuko Lehendakaritzak adierazpen instituzional bat eramanen du hurrengo Mahaira eta Eledunen Batzarrera, agitu dena taldeen sostenguarekin errefusatzekoa.
Unai Hualdek amaitu du bere solidaritatea adieraziz foruzainei eta komunikazioko profesionalei, bai eta Foruzaingoaren jarduna eskertuz ere, ezen, "bestela, litekeena da Zigor Kodean tipifikaturiko delitu bat izanen genukeela hizpide".