UPN eta PP-k Nafarroaren autogobernuari egindako eraso berria kritikatu du Geroa Baik eta gogorarazi du Laugarren Xedapen iragankorra ez dela ez pribilegio bat ez mehatxu bat, eskubide bat baizik
UPNk Nafarroaren autogobernuari egindako eraso berria kritikatu du Geroa Baik, bai eta deitoratu “erregionalistek Konstituzioaren aldaketaren ideia Laugarren Xedapen Iragankorrean zentratzeagatik, Nafarroaren autogobernuan aurrera egiteko edo aldatzen eta aurrera egiten duen gizarte batetara testua egokitzea ahalbidetuko duten proposamenak egin ordez”.
Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak gogorarazi duenez “Laugarren Xedapen Iragankorra nafar jendartearen eskubide bat besterik ez da, berebiziko garrantzia duen gai baten gainean erabakitzeko gainera, subjektu politiko moduan bere etorkizuna alegia”. “Ez pribilegio moduan ez eta inorentzako mehatxu moduan ikusi ezin daitekeen askatasun tresna bat”, nabarmendu du.
Zentzu honetan, Geroa Bairen parlamentuko eledunak azpimarratu duenez “ nafar guztioi dagozkigun eskubide guztiak defendatzearen aldekoak gara gu”. Gainera, gogorarazi duenez, xedapen hori “Estatuarekin hitzartutako Trantsizio politiko bat egitea ahalbidetu zuen lehenengo elementuetako bat izan zen: Konstituzioa bera baino lehen idatzi zen testu konstituzionalean sartu ahal izateko”. “Horregatik, hori ezabatzea eskatzea Konstituzioa bera zalantzan jartzea da, adostasun eredu den heinean”, ziurtatu du.
Horregatik, Martínezek “ausardia” eskatu dio Pedro Sánchezen Gobernuari Konstituzioaren balizko erreforma batek “Nafarroaren eskubideak ez murrizteko”. “PSOEri gogoratu behar zaio ez direla UPN ez eta PP ere bere Gobernua posible egin zutenak edo hari sostengua ematen diotenak, eskubide hau mantentzearen alde dauden indarrak baizik”, nabarmendu du.
UPNren jarrera dela eta, Martínezek ziurtatu duenez “deitoragarria da foruzaleak direla dioten aukera politikoek Casadoren PP berzentralizatzailearekin edota Riveraren Ciudadanosen foruen aurkako tesiekin maite-jolasetan ibiltzea”. “Ezin da autogobernua defendatu hari hain errespetu gutxi diotenekin”, ziurtatu du.
“Berriro ere, eta hauteskunde aitzinean, UPNk mamu identitarioak astintzeari ekin dio berriro, UPNk horrela ulertzen baitu Laugarren Xedapen Iragankorra. Tamalgarria da UPNren proposamen bakarra nafarron eskubideak deuseztatzea izatea, positiboan egindako ideiak proposatu ordez edo Nafarroako autogobernuan aurrerapausoak ematea”, azpimarratu du Martínezek.
Azkenik, Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak gogorarazi du Jaime Ignacio del Burgo berak, Gernikako Estatutuaren aldaketa ikertzen ari duen batzordean PPren ponente nafarrak alegia, elkarrizketa ugaritan ziurtatu duela IV Xedapen Iragankorra deuseztatzea berebiziko garrantzia duen erabaki batean nafar herritarren ahotsa deuseztatzea dela. “Xedapen Iragankorra mantentzea nazionalista zaharkituen gaia dela diotenek, Del Burgo gehiago entzun beharko lukete”, amaitu du.
Koldo Martínez