UPN-k Eguesibarren ezarritako hirigintzaren kudeaketa eredua Kontuen Ganberaren arabera “opakoa eta kontrolik gabekoa” zela gogorarazi du Geroa Baik
“Egues kasua” artxibatzeko epailearen erabakiaren aurrean, “politika sarraskizalea bere alderdiaren lengoaia propioa” dela erantzun dio koalizioak Esparzari
Geroa Baik, balore demokratikoekin erabateko konpromisoa duen formakuntza politikoa den heinean, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak emandako 191/2020 Autuan azaltzen den erabakiari bere errespetu osoa agertu dio, bertan 2011an hasiera emandako diligentzia penalen artxiboa berretsiz, justiziak Eguesibarreko Udalean gertatutako irregulartasun urbanistiko eta ekonomiko ezberdinak ikertzea erabaki ondoren.
Koalizioak gogorarazi duenez, ekintza judizial horiek, lehenik ikerketa batzorde batek eta ondoren udaleko Udalbatzan zeuden Nafarroa Bai, Nafarroako Alderdi Sozialista-PSOE, EH Bildu, Izquierda-Ezkerra eta Alderdi Popularraren udal taldeek onartutako ondorioak plazaratu ondoren tramitatu ziren.
Erakunde ezberdinek, besteak beste Kontuen Ganberak, UPNk ezarritako eta Andacelay sozietatearen eta partaide pribatu batekin eratutako sozietate mistoen bitartez burututako hirigintzaren kudeaketa eredua behin eta berriro zalantzan jarri dute, hura opakoa eta kontrolik gabekoa zela adieraziz eta udal organoen aldetik kontrolik ez zegoela esanez.
Geroa Bairen iritziz, ekintza horiek argitzeko helburuarekin horiek Justiziaren eskuetan jartzea erabaki egokia izan zen. Auzitegiaren beraren ebazpenak bere funtsamenduan aitortzen duenez, ikertutako ekintzetan “beste mekanismo eta tresna juridikoen bitartez zuzendu zitezkeen irregulartasunak egon ziren”.
Horregatik guztiagatik, koalizioak Javier Esparzari erantzun dio “epaitegi batek edo Kontuen Ganberak indizioak antzeman zituzten tokietan erantzukizunak ikertzeko ordezkari politikoen arreta ez dela sarraskizaletasuna, ardura baizik. Politika sarraskizalea UPNren lengoaia propioa da”.