Itzuli

UPN-k eta PP-k Altsasu kasuari buruzko iritzi juridiko kualifikatuak entzun nahi ez izatea salatu du Geroa Baik

Unai Hualde Unai Hualde

Geroa Baik UPN eta PPNren errespetu falta salatu du, “Altsasu kasuarekin” elkartasunezko manifestu bat izenpetu zuten Zuzenbidearen profesionalen Plataformako ordezkaritza batekin Parlamentuan egin den lan saio batean ez baitira agertu.

Saioan, 200 legelari eta unibertsitateko irakasle baino gehiagok osatzen duten plataforma honetako ordezkariek, 2016an Altsasun gertatu ziren gertakarien inguruan burututako prozedimendu judizialari buruzko haien ikuspuntua azaldu dute, bai eta berriki Auzitegi Nazionalak eman duen sententziari buruzkoa ere.

Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez “agerikoa da UPN eta PPk ez dutela Altsasu kasuari buruz ikuspuntu juridikotik datorren iritzi kualifikatu bat entzun nahi, eta nahiago dute entzungor jarraitu prozesu guztia bidegabekeria ikaragarri eta agerikoa dela dioen gehiengo sozialaren aurreran, bai eta Zuzenbidearen profesionalen aurrean ere”.

Hualderen iritziz, “Zuzenbidearen Profesionalen Plataformaren ikuspuntua entzute handiko legelari askoren ahotsekin bat egiten du, kasu honek edukitako norabidea dela eta euren kezka agertu baitute, bai eta Amnistia Internazionala bezalako antolakundeen ikuspuntuarekin bat ere, honek Parlamentu honetako lan saio batean parte hartu zuelarik ere, eta eurodiputatu edo Europako Batzordeko ordezkariekin beraiekin ere”.

“Gogoratu beharra dago kasu hau hasieran balizko zauri delitu izatetik terrorismo kalifikazioa ematera pasa zela, horregatik auzipetu zelarik Auzitegi Nazionalean. Orain, ebazpena eman ondoren, terrorismo delitua desagertu egin da baina terrorismo delituentzako den salbuespeneko auzitegi batean epaitu den kasu baten aurrean egoten jarraitzen dugu, 13 urteko espetxe zigorrak ezarriz, legedi arruntaren arabera epaitu izan balira isun soilak eta zigor txikienak edukiko zituztenean”, nabarmendu du Hualdek.

Izena eman gure buletina jasotzeko