Itzuli

UPNk bere barne krisia estaltzeko Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma erabiltzea gaitzetsi du Geroa Baik

PSN ez dela erreforma egokitzea Ministerioari planteatzera ausartu deitoratu du Geroa Baiko eledunak, horrek Nafarroako Parlamentuaren aho bateko babesa bermatuko bailuke

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak, Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoko adierazpenetan Hitzarmenaren Legearen erreforma aipatu du, Navarra Suma pasa den ostiralean bere babesa emango diola iragarri ondoren. Erreforma hau Nafarroako Parlamentuko Osoko bilkuratik erretiratu eta hiru hilabete beranduago iritsi dela kritikatu du Uxue Barkosek. “UPNk Sayas eta Adanero jaunekin duen krisia estaltzeko egin zuen botoaren iragarpenean erabili zuen seriotasun berarekin -uler nazazue ironia- bozkatuko badu, ez da hasiera ona”, azpimarratu du. “Eta ez da hasierarik hoberena PSN Ogasun Ministerioari erreforma hori egokitzea planteatzera ausartu ez izana, horrekin erreformaren aldeko babesa aho batekoa izango bailitzake”, gaitzetsi du.

    Barkosen arabera, “honakoa ez da, bat baino gehiago horretan tematurik egon arren, existitzen ez diren beste polemiken eztabaida mozorrotzeko kontu bat, ez da espainiar eta euskal nazionalisten arteko kontu bat, nafarron artekoa baizik, eta ahobateko onarpena izan zezakeen”. Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “UPNk bere krisia estaltzeko duen itsutasunak” eta “PSNko buruak ahobatekotasun horretara iristea galarazi du”. Azkenik, “agian lan erreformaren eztabaidatik aldendu behar zelako itxaron ote ditugun hiru hilabete” galdegin du.

    Bestalde, Barkosek argitu duenez, Geroa Baik ez du inoiz esan erreforma honen aurka bozkatuko duenik, bere gehienean eduki positiboak baitaude. “Erreforma aho batez onartu ahal izateko akordio batera iritsi ezin izana deitoratzen dugu, urrezko aukera bat galdu da eta honakoa jarrera identitarioen arteko ezadostasun moduan eszenifikatzen tematurik daude batzuk, baina hortik oso urrun dago”, ziurtatu du.

    Bestalde, Uxue Barkosek atzo egindako Presidenteen Konferentzia aipatu du ere eta nabarmendu duenez, “Ukrainako gerrari eta bertatik eratortzen den krisialdi energetikoari aurre egiteko beharra dago”. “Estatuko erakunde nagusien artean adosturik egin izana” balioetsi du. “Energiaren salneurria aldatzeko Sánchezen jarrera babesteko Geroa Bairen aldetik adostasuna dago”, azaldu du, aldi berean “gasaren salneurria kontsumo elektrikotik banantzea funtsezkoa” dela azpimarratuz.

    Halaber, Uxue Barkosek energia berriztagarrien esparrua sendotzeko beharra nabarmendu du, eta energia berriztagarrien ekoizpenerako espedienteen ebazpenak bizkortzeko Nafarroako Gobernuaren lantaldeak sendotzearen alde egin du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko