UPNk “Madrilen Zumosoleko lehengusua deitzea PHT eta Ubidea egingo dutela esanez engainatzeko” deitoratu du Martínezek
Koldo Martínez Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak “deitoratu” du UPN eta bere “ustezko liderrak, Esparza jaunak, Zumosoleko lehengusua deitzea, Espainiako historiako alderdi ustelenaren Gobernua, nafarrak engainatzen jarraitzeko, PPk eta UPNk trenbidea eta Nafarroako Ubidea eraikiko dutela esanez”.
Komunikabideei adierazpenetan Martínezek esan du “PP eta UPN izan direla hain juxtu bi obrak geldiarazi dituztenak”. “UPN Gobernuaren buru zenean egin zuen gauza bakarra inondik inora ez zioan plataforma tarte bat izan zen eta plataforma hori apur bat gehiago handituko dutela hitz ematen dute”, gaineratu du.
Parlamentuko eledunak azpimarratu duenez Geroa Baik eta Nafarroako Gobernuak “behin eta berriro esango dugu Nafarroak behar duena prestazio handiko tren bat eta korridore osoan dela”. “Sustapen ministroak Nafarroako Gobernuaren proposamena onartu ez badu, korridore osoa egin nahi ez duelako denaren zalantzak izaten jarraitzen dugu, hori oso larria izango litzateke”, esan du.
Nafarroako Ubideari buruz nabarmendu du “UPNren Gobernuak geldiarazi zuela 2013an”. “Gobernu hau 2015ean iritsi zenetik, Nafarroako Ubidea bere kezka handietako bat izan da eta estudio garrantzitsuak egin dira, ureztatzaileekin hitz egin da, ondorio batera iritsi gara…”. “Ikusiko dugu zer istorio kontatzen digun Tejerina andreak urriaren 16an Iruñera etortzean”, gaineratu du.
POLIZIEN LEGEA
Polizien Lege proiektua dela eta, Koldo Martínezek azpimarratu du “poztasun handia” ikusi duela oposizioko alderdi batzuetan “osotasuneko zuzenketa bat onartua izango dela pentsatzen dutenean eta hortaz proiektua Gobernuari itzuliko zaiola”.
Esan duenez, “oso erraza da osotasunari zuzenketak egitea testu alternatiborik gabe”. “Foruzaingo sendo baten alde benetan egiten badute, testu alternatibo bat aurkez dezatela, egiten ez badute bere jarrera protesta hutsa izango da, Gobernuak aurkezten duen legea baztertzea, baina ezer gehiago”. Bere iritziz, “horrela ez da denok nahi dugun Nafarroa aberats eta sendoa eraikitzen”.
Koldo Martínez