Urdazubi eta Zugarramurdi herrietarako guardiako mediku zerbitzua bermatzea eskatu dio Osasun departamentuari Urdazubiko Geroa Baik
Abuztua amaieran Urdazubi eta Zugarramurdi guardiako mediku zerbitzurik gabe geratu ziren, ordura arte mediku eta erizain banak ematen zuelarik zerbitzu hori astean zehar, asteburuetan eta jai egunetan 15:00etatik aurrera.
Urdazubiko Geroa Baik gogorarazi duenez, “bi udalerrien mugaldeko izaera dela eta, bere eskaintza turistikoarekin eta Dantxarinean kokatzen den mugako merkataritza jarduera garrantzitsuarekin, gomendagarria iritzi zuten bere garaian guardiako mediku zerbitzua egotea, bi udalerrien kokapen geografikoak zail egiten baitu larrialdiei Elizondotik arreta ematea, bertatik ordu erdira baitago, eta beti ere N-121-B errepidetik doan trafiko handiak goi-denboraldian iristeko behar den denbora gehiago luzatzen ez badu”.
Urdazubiko udalerria, eskualde honetan duen kokaleku bereziaren jakitun, duela urte asko zerbitzu hori erraztearen alde egin zuen, osasungintzako langileen esku udalaren etxebizitza bat dohainik jarriz.
Urdazubiko Geroa Bairen taldearen arabera, “Urdazubi eta Zugarramurdira egunera gerturatzen diren milaka bezero, turista eta langileek funtsezkoa bihurtzen dute ohiko mediku zerbitzua, baina are gehiago guardiako zerbitzua. Gertakari hau gainera, jendeketa gehien dagoen unean gertatu da, bai bentetara datozen bezeroena, bai eta gure udalerrietara bisitan etortzen diren turista eta txangozaleena”.
“Urdazubi eta Zugarramurdiko bizilagunak oso kezkaturik gaude egoera honekin, aldi berean alarma egoeraren ondorioz, alerta antiterroristen ondorioz eta frantziar zein espainiar Estatuek behin eta berriro ezarritako mugen itxieren ondorioz pairatzen ari ditugun ondorio ekonomikoak gaineratu behar dizkiogularik egoerari”, azaldu du koalizioak.
Geroa Bairen udal taldeak pasa den abuztuaren 27an egin zen Urdazubiko Udaleko osoko bilkurara helarazi zuen ondoez hau, bertan premiazko adierazpen instituzional bat egitea proposatuz, baina orain arte ez da udal Gobernu taldearen aldetik erantzunik jaso. Halaber, udalerriko mediku kontsultategiaren aurrean elkarretaratze bat deitu zen, bertara Geroa Bairen ordezkaritza bat gerturatu zelarik, gai honekin duen herri sentikortasuna frogatuz.
“Nafarroako Gobernuak askotan adierazi du lurraldearen despopulazioarekin amaitzearen aldekoa dela, landa eremuko udalerrien aldeko neurri ezberdinak iragarriz, horien bitartez gure foru erkidegoa artikulatzea ahalbidetzeko”, nabarmendu du.
Urdazubiko Geroa Baik ziurtatu duenez, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, landa eskualdeen aldeko benetako apustua dagoela frogatzeko unea. Horregatik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eskatu dio egoera hau lehenbailehen konpon dezan, eta azken urteetan eduki dugun larrialdiko mediku zerbitzua bermatu dezan, gaur egun erizain bakar baten esku baitago.