Uxue Barkos: “Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren kudeaketaren transferentzia sinatzea berri ona da”
Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentuko eledunak Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan “berri ontzat” jo du ostegunean Nafarroako eta Estatuko ordezkaritzek Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren kudeaketaren transferentzia sinatzea. “Berri ona da, kudeaketa ekonomikoari buruz ari gara, Foru Administraritzak laguntzak tramitatzeko erabiltzen duen moduari jarraituz”, azpimarratu du. “Laguntza hauek kudeatzeko Nafarroak duen gaitasuna eraginkorragoa eta azkarragoa da”, ziurtatu du.
Datorren ostegunean eztabaidatuko den Hitzarmen Ekonomikoaren legearen erreformari dagokionez, Barkosek gogorarazi du testua hiru hilabete eta aste bat beranduago itzuli dela Foru Ganberara eta koma bakar bat ere aldatu gabe. “Bidaia honetarako ez ziren alprojarik behar”, nabarmendu du, eta horren bozketan Geroa Baik abstentziora joko duela iragarri du.
Kazetarien galderei erantzunez, gerrari erantzuna emateko Sánchezek iragarritako neurriak aipatu ditu ere Geroa Baiko eledunak. Azpimarratu duenez, “etxeetako errenten erosahalmenaren galera ekiditeko orduan proposatzen diren neurri guztiak dira garrantzitsuak”, eta garraio sektoreari laguntzeko neurriak hartu izana balioetsi du, “pairatzen ari den sektore bakarra izan ez arren, nekazal sektorea bezalako beste batzuk baitaude ere”. “Neurri guztiak ongi etorriak dira”, adierazi du, aldi berean ziurtatuz “Nafarroan neurriak premiazkoak” direla, “lehen sektoreari edo industriari hornidura adibidez, erregaiaren eta argindarraren salneurriek BPG industrial handia duen Erkidego honi oztopoak jartzen ari baitizkio”. “Premiazkoa da Nafarroaren espezifikotasunari begiratzea eta premiazkoa da neurriak orain hartzea”, esan du.