Uxue Barkos da Geroa Bairen Nafarroako Gobernuko Lehendakarigaia eta Koldo Martínez Iruñeko Alkategaia
Uxue Barkos da Geroa Bairen Nafarroako Gobernuko Lehendakarigaia eta Koldo Martínez senatari autonomikoa izango da koalizioaren zerrendaburua Iruñeko Udalera.
Hautagaitzak igande honetan eman dira ezagutzera Geroa Baik Iruñeko Tres Reyes Hotelean egin duen ekitaldi politikoan. Bertan koalizioko hautetsiak egon dira, hala nola Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, José Mª Aierdi Foru Gobernuko bigarren lehendakariordea, Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, bai eta formakuntzako parlamentariak eta zinegotziak ere.
Uxue Barkosek ohartarazi duenez, “gehiengo aurrerakoi eta pluralik gabe, 2015ean lortu genuen aldaketa galtzeko arriskuan gaude, izan ere zerbitzu publikoen inguruan lortutakoa, aniztasunaren aitorpenean, urte hauetan guztietan zehar lortutakoa galtzetik oso hurbil gaude”. Era berean, hautagaiak ziurtatu du “Geroa Baik erakundeetan indarra mantentzea lortu duen tokietan” aldaketa bera ere mantendu dela.
Nafarroa “oparoago, parekideago” baten aldeko apustua egin du Barkosek, bai eta “subjektu politiko moduan” aldarrikatu ere “beste interesen eszenan besteen objetu moduan izan ordez”, Nafarroaren “etorkizuna gure lanak erabaki dezan, gure gizarteko emakume eta gizonen lanak, guk jarriko ditugun helburuak gure lurraldearentzako eta datozen belaunaldientzako helbururik hoberenak izan daitezen”.
Barkosek gaitzetsi duenez “gaur Nafarroa eskuinaren borroken saskia da”, eta “eskuina nafar gizartera elkarrizketa eta akordioa ekartzeko gai izan ez denean, ez du lotsarik izan hemen lortzeko gai izan ez zirena Moncloan, Genova kalean edo Ferraz kalean hitz egitearekin”. “UPNk ezin jarrai dezake honekin gehiago engainatzen”, azpimarratu du.
Ezta ere, gaineratu du, “Madrilen, Vox-en txalo errazen bila, erakundeen zilegitasuna erasotzen dutenek ere”, ez eta “Moncloaren estrategia nafarron interesen gainetik jartzen dutenek ere”. “PSN Moncloan eta Ferrazen diotenaren menpe dagoela argi utzi du”, kritikatu du. Zentzu horretan, azpimarratu du 2019an, PSNk Geroa Bairekin “gobernu aurrerakoi” bat negoziatzen ari zuenean, “Iruñeko eta Iruñerriko udalei buruz hitz egiteko gai” ez zela izan eta Iruñeko, Eguesibarreko edo Lizarrako alkatetzak UPNri oparitu zizkiola.
Bere aldetik, Koldo Martínez Iruñeko Alkategaia “pozik, zorioneko eta eskerroneko” azaldu da “niregan jartzen ari duzuen konfiantzagatik”, izan ere “konfiantzarekin bakarrik izango baikara gai, ilusioz, umiltasunez eta anbizioz, Iruñea hobe bat egiteko”.
Bertaratutakoen aurrean eta Iruñeko herritarren aurrean “alkate ona” izateko konpromisoa hartu du. Zentzu honetan, “dena hondatzen duen polarizazio zitala” gaitzetsi du eta “bakea eta hitza” aldarrikatu ditu ere, “ez dut inolaz ere liskarrik nahi Iruñean”. “Eskualde programa baten baitan integraturiko hiri proiektu bat lantzen ari gara, metropoli foralerako programa bat, Iruñearentzako eta Iruñerriarentzako”, azpimarratu du.