Uxue Barkos: “Estatuak Nafarroari oraindik zor dizkion inbertsioak defendatzeko unea da”
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak salatu duenez “beharrezkoak ziren inbertsioak ez dira 40 urte baino gehiagotan egin, ez eta legegintzaldi honetan ere ez”
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak ziurtatu duenez, “gure lurraldearen geroa eraikitzeko Nafarroari zor zaizkion inbertsioak ahots bakarrarekin defendatzeko ordua da”. Horrela adierazi du Erriberako hiriburuan, Anika Luján Tuterako alkatetzarako hautagaiaren aurkezpenean.
“Estatuak Nafarroari oraindik zor dizkion inbertsioak Nafarroatik, Erriberatik, Tuteratik aldarrikatzeko unea da”, ziurtatu du Barkosek. “Madrilekin behar bezalako trenbide konexio ez edukitzea Tuterarentzako zigorra da, baina ez hori bakarrik: errepidean bide bikoitzik ere ez dugu”, salatu du. Barkosen arabera, “hori ez zaio beste hiriburu bakar bati ere gertatzen, Iruñeari eta Tuterarik bakarrik gertatzen zaie”.
“Eta hemen ez dago balio duen aitzakiarik: ez PSOEk ez eta PPk ez dute Espainiako gobernu ezberdinetatik Nafarroarekin zuten erantzukizunik bete”, kritikatu du Geroa Bairen hautagaiak. “beharrezkoak ziren inbertsioak ez dituzte 40 urte baino gehiagotan egin, ez eta legegintzaldi honetan ere”, gaitzetsi du.
Barkosek gogorarazi duenez, “2002an Aznarren inbertsioetarako akordiotik, Pepe Blanco sozialistaren promesetaraino, ez dute inoiz hitza bete: ez promesik ez eta betebeharrik”. “Legegintzaldi honetan ere Sánchezen ministroek ez dute egin”, deitoratu du.
“Bestela esan diezagutela non dagoen Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen eraikuntzari ekiteko finantzaketaren hitzarmena”, ziurtatu du
Barkos Gobernu zentralari zuzendu zaio eta “Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eraikitzeko Sánchezen Gobernuak hari dagokiona noiz konprometituko duen” jakin nahi duela berretsi du. “Chivite lehendakariari argi eta garbi esaten baitiogu: lizitazioak iragartzea ez da nahikoa, Sánchezen Gobernuarekin zorrotz ibili behar dugu bere zatia ordain dezan. Bestela, ez da obrarik egongo”, ziurtatu du.
Uxue Barkos