Vianako igerilekuen kudeaketari dagokionez Navarra Sumaren manipulazioa salatu du Geroa Baik
Udalerriko kirol instalazioak hobetzeko lanean jarraitzeko bere konpromisoa berretsi du Kakel Arandia zinegotziak
Vianako udal igerilekuen kudeaketari dagokionez Navarra Sumaren manipulazioa salatu du Geroa Baik eta udalerriko kirol instalazioak hobetzen jarraitzeko bere konpromisoa berretsi du. Vianan koalizioko zinegotzia den Kakel Arandiak ziurtatu duenez, “kudeaketari eta abonuen salmentari dagokionez Navarra Sumaren udal taldeak egiten duen manipulazioa lotsagarria da eta egoeraren gaineko ezjakintasuna edo fede txarra dagoela frogatzen dute”.
Vianako Geroa Baiko zinegotziak azpimarratu duenez, “igerilekuen irekierarako burututako kudeaketa kritikatu du Navarra Sumak, horretarako manipulazioak eta egia erdiak erabiliz, eta niri egozten dit igerilekuak berandu ireki izanaren erantzukizuna, eta horrexegatik, instalazio hau irekitzeko emandako pausoei buruzko informazioa eta datuak eman nahi ditugu”.
Horrela, zinegotziak gogorarazi duenez, pasa den apirilaren 23an Sapje-rekin kontratua egiteko ebazpena onartu zuen Udalbatzak (Navarra Sumaren abstentzioarekin), kontratuaren izenpetzea enpresak berak atzeratu zuelarik pasa den maiatzaren 11ra arte. “Ordutik hona, belardiaren konpontze lanak eta instalazioaren ureztatze sistema jartzeko lanak burutzen aritu da Sapje, kontratuan adostu zen moduan, eta akordioaren arabera lan hauek ekainaren 15a baino lehen amaitu behar zirela testualki agertu arren, horrela ekainaren hirugarren astean bere erabilerari ekin ahal izateko, agerikoa da epea ez dela bete, eta agerikoa da ere akordioa ez betetzearen erantzukizuna ezin zaiola zinegotzi honi egotzi”, azpimarratu du Arandiak.
Instalazioaren egoerari dagokionez zinegotziak gogorarazi duenez, “bi urte daramatzat Kirol zinegotzi lanetan, eta Navarra Sumak duela 15 urte baino gehiagokoak diren eraikuntza akats larriak egotzi nahi dizkit”. “Agerikoa da hau ez dela berria, bai eta honakoa bi egunetan konpon ezin daitekeen gai bat dela ere. Edozein kasutan, komenigarria da gogoraraztea Navarra Sumako bozeramailea Udal honetako alkate izan zela bi urtez, eta egoera ezagutu arren, hura konpontzeko pauso bakar bat ere ez zuela eman”, nabarmendu du.
Zentzu honetan, kirol instalazio honen legalizaziorako azken bi urteetan zehar emandako pausoak zehaztu ditu Arandiak: “Geroa Baik Kirol zinegotzigoa kudeatzen duenetik, enpresa kudeatzailea aldatzeko lanean aritu gara, aurrekoaren zerbitzua ezin okerragoa baitzen, eta tramitazio honek urte eta erdi baino gehiago iraun du. Orain instalazioaren legalizatze prozesua hasi da, jada esleiturik dagoelarik eta bere lanak aurki hasiko direlarik, uda amaieran bukaturik egoteko helburuarekin. Gai honi konponbidea emateko lehen egunetik aritu gara lanean eta konponbidea emango diogu gainera, Navarra Sumak alkatetzan zegoenean egin ez bezala”.
Geroa Baiko zinegotziak azaldu duenez, “instalazio hau aurten ez irekitzea errazena zen arren, horretarako defizit anitzetan aitzakia aurkituz, bai eta edozein kasutan irekiera berandu izango zela aurreikusiz, gure bizilagunek udako zerbitzu hau gozatu ahal izateko gogor aritu gara lanean, lehenik berdegunearen zati bat irekiz eta edukiera 300 pertsonetara murriztuz, epe txiki baten ostean berdegunea handitu ahal izateko eta edukiera osoa lortzeko”.
Igerilekuari zerbitzua ematen dion kanpoaldea legeztatu da, beharrezko makineria egunean jarriz, komun eramangarriak eta foodtruck-ak bezalako alternatibak bilatuz, bai eta harrera gunea, sorosleak, garbiketa, uraren tratamentua eta bestelako zerbitzuentzako eskaintzak bilatuz. Baimen guztiak ezin azkarrago tramitatu dira, udal profesionalen eta kontratatutako enpresen lanari esker”, gaineratu du Arandiak, aldi berean “gure helburua beti izan da herritarrei zerbitzua ematea” ziurtatuz.
“Irekiera datarekin eta aldi batez abonu gutxi egotearekin haserre dagoenik egotea ulertzen dugu, baina nabarmena da igerilekuen irekitzea positiboa dela, horrela frogatu baita burututako esfortzuaren ondoren pasa den asteburuan 300 vianatarrek zerbitzua gozatu dutenean. Aste honetan gainera, iragarri dugun moduan, edukiera handituko da eta egun gutxiren buruan instalazioa bere osotasunean irekitzeko aukera izatea espero dugu”, ziurtatu du Geroa Baiko zinegotziak.
Azkenik, pasa den osteguneko Udalbatzan Navarra Sumaren dimisio eskaeraren ondoren, Vianako Udaleko gainontzeko zinegotzien aldetik jasotako babesa eskertu du Arandiak, eta Vianako bizilagunen bizi baldintzak eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko bere konpromisoa berretsi du.