Zentral nuklearrak ixteko egutegiarekin jarraitzea defendatu du Geroa Baik
Trantsizio energetikoak Nafarroa irizpide sozialetan zuzena izango den deskarbonizazio baterantz eramatea bermatzeko plan eta estrategiak ezartzera premiatu du Geroa Baik
Gaur egun espainiar Estatuan funtzionamenduan dauden bost zentral nuklear eta zazpi erreaktoreen itxiera mailakaturako egutegia mantendu beharra dagoela deritzo Geroa Baik, Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuan jasotzen den moduan alegia. Horrela jaso du koalizioak Nafarroako Parlamentuko hurrengo Osoko bilkuran defendatuko duen mozio batean, horren bitartez berretsiz ere trantsizio energetikoak deskarbonizazio zuzen baterantz eraman behar gaituela, Ongizate Estatua kolokan jarri gabe.
Zenbait alderdi itxiera egutegi hori zalantzan jartzen ari dute, berriki Diputatuen Kongresuan egin zen bozketa batean agerian geratu zen moduan. Horregatik, Geroa Baik bere ebazpen proposamenean egutegi hori mantentzera premiatzen du eta estatuko energia ‘mix’ deritzonera instalazio nuklear bakar bat ere ez bideratzea ere.
Bestalde, Europako erakundeek egungo araudia aldatzea planteatzen du mozioak, horrela ez energia nuklearra, ez eta gasa ere energia berdetzat har ez daitezen eta, hortaz, europar taxonomia deritzonean egon ez daitezen, ingurumen jarduera jasangarrien artean alegia.
Koaliziotik gogorarazi dutenez, Europar Batzordeak jarduera horien artean energia nuklearra eta gasetik eratorritakoa sartu zituen energia ‘berde’ moduan, eta hori, Geroa Bairen iritziz, “Europako Itun Berdean eta deskarbonizazioaren ibilide-orrian ezarritakoarekin zeharo kontrajarria dago”.
Bere proposamenean, Nafarroako Gobernuak energia berriztagarrietan oinarrituriko energia mix bat ezartzeko lanean jarraitzearen beharra azpimarratzen du Geroa Baik, Nafarroan ekoiztutako energiarena, energiaren jasangarritasuna eta salneurrien egonkortasuna bermatuko duena.
Azkenik, Nafarroako eta Estatuko Gobernuek “beharrezkoak diren plan eta estrategiak ezartzea” planteatzen du mozioan, “ekonomiaren deskarbonizaziora eramango gaituen trantsizio energetikoa irizpide sozialetan zuzena izatea bermatzeko eta etorkizuneko belaunaldientzako Ongizate Estatua kolokan jar ez dezan”.
Mikel Asiain