Galdara zentrala duten komunitateei gas tarifa murriztua hedatzeko Geroa Bairen proposamena baztertu du Senatuak
Berokuntza zentrala duten bizilagun komunitateek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitzeko Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak PPren mozio bati aurkeztutako zuzenketa ezin izan da Senatuan eztabaidatu. Izan ere, bizilagun komunitate horiek tarifa murriztutik kanpo geratu ziren, tarifa hori berogailu indibidualak dituzten familiek bakarrik eskuratu dezaketelarik. Ekimen hau Gobernuko presidenteari helarazi zion jada Koldo Martínezek energia alorreko ekimenen berri Senatuan egin zuen agerraldian, honakoan ordea ezin izan da eztabaidatu, zuzenketa PPrekin trantsakzionatu badu ere, ezin izan dituelako haren eztabaidarako beharrezkoak diren sinadurak batu.
Geroa Baiko senatariak neurri honen defentsan egindako hizketaldian gogorarazi duenez, “berokuntza zentrala duten eraikinetan bizi direnak, 1.600.000 familia baino gehiago Espainian, negu honetan galdara indibidualak dituztenek baino hiru aldiz gehiago ordainduko dute gas naturalarengatik”. “Arrazoia -gogorarazi du Koldo Martínezek- zera da, familiako ekonomian energiaren salneurriaren gorakadak duen eraginari aurre egiteko Gobernuaren bonifikazio batzuk daudela eta Azken Baliabideko Tarifara atxikitako bezeroei bakarrik ezartzen zaizkiela bonifikazio horiek, baina 50.000 kWordu/urte baino gutxiagoko urteko kontsumoa duten galdarek bakarrik lor dezakete tarifa hori. Komunitate-galdarak, kolektibitate handiei zerbitzua emateko erabiltzen direnak, zifra hori gainditzen dute eta horregatik galdara industrialek duten trataera berdina jasotzen dute. Hau dela eta, merkatu librera jo dezakete bakarrik eta gaur egun salneurriek izugarri egin dute gora”.
Geroa Baiko senatariaren iritziz “zentzugabea da galdara zentrala duen eta askotan txalet eraiki berri bat baino okerrago isolaturik dagoen eraikin zahar batean bizi den familia xume batek 0,12 eta 0,19 euro bitartean, edo gehiagoan ordaintzea gasa, bien bitartean txalet batean bizi den familia dirudun batek 0,05 eurotan ordaintzeko aukera duenean”.
Koldo Martínezek gogorarazi duenez, “azken bi urteetan gasaren salneurria laukoiztu egin da merkatu librean, 0,032 eurotik 0,12 eurora pasatuz. Azken Baliabideko Tarifaren kasuan, bikoiztu egin da ‘bakarrik’. Eutsiezina bilakatu da egoera, azken neguan jada berokuntza ordaintzeko 1.000 euroko ordainparteei aurre egitera behartuz familia asko. Eta datorren negurako bide berbera daramagu ez bada konponbide bat lehenbailehen jartzen”.
Geroa Baiko senatariak araudia aldatzeko premia gogorarazi du. “Bizilagun komunitateak enpresa hornitzaileekin kontratuak negoziatzen hasi dira jada, bi edo hiru urterako lotzen dituzten kontratuak, horregatik premiazkoa da araudi aldaketarekin diskriminazio zentzugabe honi amaiera jartzea. Eta orain egin behar da”.
PPren energia politikari kritikak
Koldo Martínez kritiko agertu da PPren energia politikarekin, hasiera batean bere mozioan gasaren BEZ negu guztirako %5era jaistea proposatzen zuelarik bakarrik, Gobernuak aste honetan onartutako dekretuak abenduaren 31ra arte bakarrik luzatzea aurreikusten baitu. “Egia da asko dagoela PPri kritikatzeko energia alorrean dituen jarrera aldakorrengatik. Gogoratu adibidez FAES Fundazioak, José María Aznar buru duenak, Fukushimako istripua gertatu eta bi egunetara ekimen nuklear handi bat proposatu zuela. Edo PP bera izan zela ‘eguzkiari zerga’ bultzatu zuena, horrekin Espainiak energia berriztagarrien esparruan munduko liderra izateari utzi ziolarik. Edo Europan gauza baten aldeko botoa ematen dutela eta hemen oso antzekoa edo berdina den beste baten aurrean eskandalizatzen direnaren plantak egiten dituztela”, nabarmendu du Martínezek energia enpresentzako zerga berriari erreferentzia eginez.
Geroa Bairen proposamenak
Geroa Baik energia alorrean dituen proposamenak helarazteko aprobetxatu du Koldo Martínezek bere hizketaldia. “Gero eta handiagoa den desoreka soziala dela eta, Estatuan pobrezia energetikoak eta pobrezia termikoak gora egiten ari duelarik, eta beharrezkoa den eraldaketa energetikoaren aurrean, Geroa Bain uste dugu zerga proportzionalekin diru-bilketarekin jarraitu beharra dagoela, direla irabazien gaineko zergak, askotan neurrigabeak diren irabaziak, energiaren sektorean bertan; edo dela errenta altuenetan, edo bietan”, nabarmendu du senatari autonomikoak.
“Gogorarazi nahi dut -gaineratu du Koldo Martínezek- Espainiako presio fiskala BPGren %39 dela, Europar Batasuneko bataz bestekoaren zazpi puntu azpitik. Eta kanpotik dugun menpekotasun energetikoa murrizten lagunduko duten inbertsio jasangarriak egin behar ditugu, energia propio, garbi eta agorrezinen aldeko apustua eginez: energia berriztagarriak. Energia autonomia eta autokontsumoa bultzatuz. Eta komunitate energetikoen araudia lehenbailehen bultzatzea nahitaezkoa da, klima larrialdiaren aurkako borrokan ezinbestekoa den tresna baitira”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
Bankari zergak
Banku handiek dituzten abantaila fiskalak aipatu ditu ere Koldo Martínezek. “Gaur prentsan irakurri dugu bankak 66.000 milioi euroko koltxoi bat metatu duela bere faktura fiskala murrizteko. Galerak zituzten beste bankuak xurgatu zituzten bankuei, Estatuko ogasunarekin eta Foru ogasunekin dituzten fakturak murrizteko galdera horiek aprobetxatzea ekidin behar dela planteatu nion ere aurreko egunean Sánchez presidenteari, kasu askotan ad infinitumeko kreditu fiskalak baitira gainera. Eta Caixa Bank eta Bankiaren kasua edo Banca Cívica eta Nafarroako Kutxaren kasuak aipatu nituen. 66.000 milioi euroko iruzurra, legezkoa baina ez-legitimoa. Honi ere ez zidan erantzun. Eta herritarrei egindako iruzur honen hain erantzule zarete zuek, PP, zein PSOE”.
Bere hizketaldia amaitzeko Koldo Martínezek azpimarratu duenez, “Geroa Bain uste dugu arauak aldatzeko unea dela. Esfortzuak elkar banatzeko unea, baina egoera bere onera itzultzean irabaziak elkar banatzekoa ere. Ekonomia demokratikoago bat bultzatzeko unea da, eta bertan korporazio handiak ez dira langile eta autonomoen lepora aberasten jarraituko”.
Koldo Martínez