Itzuli

Adin txikikoei egindako abusu sexualen delituak ez preskribatzea proposatu du Geroa Baik

Jabi Arakama parlamentariak kasu hauetarako ekintza protokolo bat landu dezan eskatu dio Nafarroako Gobernuari

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Geroa Baik mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan Espainiako Gobernuari eskatuz Zigor Kodea aldatu dezan, adin txikikoei egindako abusu sexualen delituak preskriba ez daitezen, beste delitu batzuekin gaur egun gertatzen den modu berean, edo bestela bere preskripzioa ahalbidetzen duten epeak modu nabarmenean luza daitezen.

    Jabi Arakama Urtiaga mozioaren proposatzaileak azaldu duenez “gaur egun, adituen iritziaren eta egungo Espainiako Zigor Kodearen artean desakordio larria dago, adituen arabera urte asko igarotzen baitira abusupean egondako haurrek pairatutako abusuez kontziente izan arte eta are gehiago horiek salatzeko gai izan arte, Zigor Kodeak ordea delitu hauen preskripziorako goizegia den epeak ezartzen dituen bitartean”.

    Geroa Baiko parlamentariak gainera “erakunde publikoen arteko koordinazio hobeagoa bermatuko duen ekintza protokolo bat landu dezan” eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, “bere profesionalei alor honetan formakuntza hobea bermatuz eta sexu abusuen biktima diren adin txikikoei zein bere familiei arreta bizkor, eraginkor eta integrala ematea ahalbidetuz”.

    Halaber, Arakamak Foru exekutiboa premiatu du haur sexu abusuen biktima guztien erreparaziorako ekitaldi publiko bat egin dezan 2020ko azaroaren 19an, Haur Sexu Abusuaren Prebentziorako Munduko Egunaren baitan.

    “Hamarkadetan zehar erasotzaileak babestu dituen inpunitatearen aurrean beharrezkoa da haien biktimak ahal den neurrian erreparatzen saiatzea. Hauek, bereziki orain dela urte asko izan zirenak, ez dira gertatu zitzaienaren egia lortzeko gai izango beti eta ziurrenik oso gutxitan lortuko dute benetako justizia, horregatik nahitaezkoa da aitormen publiko bat eskaintzea, ahal den neurrian haiekin egindako injustizia erreparatzeko”, azaldu du.

    Aurkeztutako mozioan, Geroa Baiko foru parlamentariak Nafarroako Parlamentua premiatzen du ere azkenik “hezkidetza eta hezkuntza afektibo-sexuala Nafarroako hezkuntza zentro guztietan bultzatzen jarrai dezan, prebentziorako neurririk hoberena baita eta, mota honetako delitu bat gertatuko balitz, adin txikikoei egindako sexu abusuen identifikazioa eta salaketa”.

    Ekimen honekin, “urtetan eta hamarkadetan zehar isildutako errealitate baten gainean argia emateko lan egin” nahi du Arakamak, “biktimizazio bikoitza baita abusu hauek haurtzaroan pairatu zituztenentzako, eta isiltasunean aurkitzen duelako hain zuzen ere erasotzaileentzako konplizerik handiena”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko