Itzuli

Aldaketa genitalerako ebakuntza behar duten nafarrentzako EAE-rekin hitzarmena sinatzea proposatu du Geroa Baik

Jabi Arakama parlamentariak gainera Estatuko Gobernua premiatu du mota honetako ebakuntzak egiteko erreferentziazko zentroen sare bat diseinatu eta ezar dezan

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Nafarroako Gobernuak EAErekin hitzarmen berri bat sinatzea proposatu du Geroa Baik, osasun alorrean aldaketa genitalerako ebakuntza behar duten nafarrek Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egiteko aukera izan dezaten. Jabi Arakama parlamentariak ekimen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, horren bitartez gainera Estatuko Gobernua premiatuz honek mota honetako ebakuntzak egiteko erreferentziazko zentroen sare bat diseinatu eta ezar dezan.

    Arakamak azaldu duenez “gaur egun, aldaketa genitalerako ebakuntzak behar dituzten nafarrek (funtsean baginoplastiak eta faloplastiak) Malagako probintzian dagoen osasun zentro batean egin behar dute, Iruñetik 900 kilometrora”. “Pertsona hauek ebakuntza horiek egitera joateaz gain, horiekin zer ikustekoa duten kontsultak egitera ere joan behar dute zentro horretara, eta urte ugaritako itxarote-zerrenda du zentroak duen eskaera kopurua oso handia dela eta, horrek pertsona hauen egoera eutsiezina bihurtuz”, azaldu du.

    Bizkaian dagoen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean mota honetako ebakuntzak arrakasta frogatuarekin burutzen direnez, Geroa Baiko parlamentariaren aburuz “aprobetxatu beharreko aukera bat irekitzen zaigu”. “Mota honetako kirurgia egin nahi duten nafarrentzako Gurutzetako zentroa erreferentziazko zentro bihurtzeko Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmen bat sinatzeak haien bizi kalitatearentzako hobekuntza eztabaidaezina ekarriko luke, gure gizartean transexualek pairatzen dituzten diskriminazio askoren ondorioz jada zail duten bizitza lagunduz”, ziurtatu du.

    Arakamak ohartarazi duenez, “proposamen honek nafar transexualen eta haien familien egoera hobetuko luke zalantzarik gabe, baina ez da nahikoa Estatu mailan aldaketa genitalerako ebakuntzei dagokionez dugun arazo honi modu integralean erantzuna emateko”, eta horregatik Gobernu zentrala premiatzen du ere honek aldaketa genitalerako ebakuntzak egiteko erreferentziazko zentroen sare bat diseinatu eta ezar dezan.

    “Espainiako Gobernuak egoera honi ordena jartzea beharrezkoa da, planifikazio serio eta zorrotz batetik abiatuz, Espainia osoko transexualek erreferentziazko zentro hurbil eta kalitatezko bat eduki dezaten, bere zerbitzuak modu erosoan eta ahalik eta denbora tarte txikienean eskuratu ahal izateko. Horrela bakarrik esan ahalko dugu transexual guztientzako eskubideak benetan bermatzen direla, haien bizitokia edozein izanik ere”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko