Itzuli

Atarrabia-Geroa Baik beste inbertsio batzuk lehenetsi ditu Bilduk Martiketerako planteatu duenaren aurrean

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Egungo Osasun Etxearen zaharberritzea Eguneko Zentro bihurtzeko, gasolindegiaren tokialdatzea herria Ohianpea eta Esteban Armendáriz kaleetatik Ezkaba mendira irekitzeko, Ultzama ibaiaren eskuineko ertzaren berreskurapena Iongraf-en lantegia behin betiko kenduz, Osasun Etxe berriko inguruaren egokitzea, edo Herriko kaleen berrasfaltatze eta birmargotze lanak, kirol instalazioetan premiazko beste inbertsioez gain dira Atarrabia-Geroa Bairen iritziz, datozen hilabete eta urteetan lehentasuna eduki beharreko inbertsioak.

    715.000 euroko inbertsioarekin Martiket kirol instalazioetan estalitako pista berriak egiteko alkatetzaren proposamena Udaleko talde guztiek baztertu ondoren, koalizioak gogorarazi du Udalaren aginduz egin zen Kirol Instalazioei buruzko Estudioan, datozen urteetan burutu beharreko ekintzen hurrenkera bat ezartzen zela jada, eta ez bakarrik Martiketen, Herriko kirol gune ezberdin guztietan baizik.

    “2019ko irailean egin zen Estudioaren arabera, modu argian zehazturik dauden inbertsio sorta bat egin beharra dago. Horietako lehena, logikoki, mantentze lan hutsak dira, eraikin batzuek, hala nola frontoiak, urte asko baitituzte eta eguneratze lan garrantzitsuak behar baitituzte, irisgarritasunaren esparruan bereziki. Baina gauza bera gertatzen zaie eraikin berriagoei, hots Lorenzo Goicoa polikiroldegiari, horietan ere irisgarritasunarekin loturik dauden gaiei erreparatzen baitzaie, edota garrantzia gutxiagoko beste batzuk, hala nola estaldura zaharberritzeko aukera, 1978 urtekoa eta fibrozementuz egina”- azpimarratu du koalizioak, aldi berean nabarmenduz tesi hauek berak argudiatu zituela pasa den astearteko Udalbatzan, gobernu taldeak planteaturiko proposamena baztertu zen Udalbatza berean alegia.

    “Txosten horretan ezartzen den hurrenkera jarraitzea da logikoena, alde batetik beharrezkoak diren kontserbazio eta mantentze lanak ezartzen baititu; bestalde irisgarritasun araudiari eta igerilekuen berezko araudiari egokitzeko ekintzak; eta, azkenik, hobekuntzak eta handitze lanak. Baina etxea teilatutik hasten saiatzen ari direla iruditzen zaigu -jarraitu du Atarrabia-Geroa Baik-, handitze bat planteatu baita kontuan izan gabe kontserbazio edo araudiari egokitzeko lan  asko oraindik egin gabe daudela, horiek gainera, erabat tasaturik eta kuantifikaturik daudelarik. Horietatik lehenak, mantentze lanei dagozkienak, 1.200.000 euro baino gehiagokoa dira; eta bigarrenak, lege araudiei egokitzeari dagozkienak, 1.500.000 eurokoak”.

    Koalizioak gainera gogorarazi duenez, proiektua aurkezteko moduan ez dira egokienak izan, Udalbatza baino bi egun lehenagora arte, estalitako gunea izan zitekeenaren zirriborro bat besterik ez baitzieten erakutsi”.

    “Asko eta askotarikoak dira udalerriko beharrizanak, ez bakarrik kirolarekin harremana dutenak, baizik eta beste esparruekin lotura dutenak ere, eta horien guztien lehentasunaren araberako ekintza-egutegi bat egin behar dela iritzi dugu, eta gure kasuan, lehentasunak ez dira gehiengoa duen taldeak planteatzen dituzten berberak. Europako funtsak daude -REACT- Osasun Etxe berria egiteko, obra 2023 urtean amaiturik egon behar duela ezartzen delarik, horregatik inbertsio garrantzitsua aurreikusten dugu egungo Osasun Etxea Eguneko Zentro bihurtzeko, udalerriko herritarrak zahartze bidean baitaude eta Atarrabiako tamaina duen udalerri batentzako nahitaezkoa deritzogu hori. Bestalde, Ingurumenaren eta jasangarritasunaren defentsarekin harremana duten beste batzuk, hala nola gasolindegiaren lekualdatzea edo Ionfraf-en desagerpena, eta hirigintzarekin harremana duten beste batzuk ere, hots herri osoaren zoladura berritzea”- amaitu du adieraziz Atarrabia-Geroa Baik.

    Izena eman gure buletina jasotzeko