Atarrabiako pilotalekuan Euskal Herriko armarria dela eta Nafarroako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren aurka agertu da Atarrabiako Geroa Bai
Atarrabia Geroa Bairen iritziz Nafarroako Auzitegi Gorenak udalerriko pilotalekuaren horman margoturik dagoen Euskal Herriko armarriaren interpretazio ez-osoa egiten du
Atarrabiako pilotalekuko armarria dela eta Nafarroako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren aurka agertu da Atarrabiako Geroa Bai, azaldu duenez “Euskal Herria terminoaren bai eta adierazpen horrek ordezkatzen duen sinboloaren -armarria- interpretazio alderdikoia eta murriztailea egiten duelako, eduki politikoa emanez, eta hori bera egotziz Udalari ikur hori pilotalekuaren horman margotzeko erabakia hartu izanagatik”.
Atarrabia Geroa Baik gogorarazi duenez, “Euskaltzaindiak duela urte ugari egin zuen txostenaren arabera duela mendeetatik dago Euskal Herria izenaren erabilera orokortua ongi zehazturik dauden ezaugarri kulturalak dituen lurralde bati izena emateko, muga politiko-administratiboen gainetik eta ezberdintasun historikoen gainetik ere. Erakunde akademiko honek, esparru politikotik zeharo kanpo eta edozein kredo eta ideologiaren gainetik dagoenak, eta legez Euskaltzaindiari aitortzen zaizkion helburuetako bati erantzunez, hau da, hizkuntza zaintzea, ezin du Euskal Herria izenaren propietatea eta egokitasuna berretsi baino egin, denona den izena baita eta inolaz ere modu alderdikoian hartu beharrekoa, tamalez hala gertatu den arren eta gertatzen jarraitzen den arren. Hori guztia, noski, herrialde bakoitzaren izenak eta izendapen politiko-administratiboenak erabiltzeari eragozpenik gabe”. “Tamalez hala gertatu da eta gertatzen jarraitzen da, auzitegietan ere, oraingo kasuan bezala”, azpimarratu du koalizioak, nabarmenduz “Auzitegiak erabilera alderdikoi hori jarduten duela”.
Atarrabia Geroa Baik azpimarratu duenez, “Euskaltzaindiak, aipatutako txosten horretan, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo zehatz baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik”.
Koalizioak nabarmendu nahi izan du, historia gogora ekarriz, “Euskal Herriari lehen erreferentzia euskarazko eskuizkribu batean ageri dela, Joan Perez de Lazarraga arabarren eskutik eta 1564 eta 1567 urte bitartean idatzirik, eta urte gutxiren ondoren Joanes Leizarraga lapurtarraren Testamentu Berriaren euskarazko itzulpenean ageri da ere, 1571an argitaraturik”.
“Euskaltzaindiaren arabera, hau da, hizkuntzaren erabileraren gainean autoritate handiena duenaren aburuz terminoa egokia, zuzena eta zehatza bada, logikoki, bere elementu ikusgarria, armarria alegia, adierazpen horren irudikapen grafikoa baino ez da”, ondorioztatu du koalizioak.
“Agian galdetu beharko genuke” -diote Atarrabia Geroa Baitik modu ironikoan- “ea Euskaltzaindiaren lana eta txostenak beraiek ere diren zalantzagarriak Auzitegiaren arabera”. “Arrotzen batek auzitegietan planteatzen badu, agian egoera horretara iritsiko gara”, amaitu du adieraziz koalizioak.