Itzuli

Auzitegi Konstituzionalak Foru Berriaren gainean emandako epaia foru autogobernuari erasoa dela deritzo Geroa Baik

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    Auzitegi Konstituzionalak Foru Berriaren gainean emandako epaia “foru autogobernuari erasoa” dela deritzo Geroa Baik, izan ere, koalizioaren iritziz “ez dago inondik inora Estatuko eskumenen inbasiorik”.

    Geroa Baik gogorarazi duenez, Foru Berria aho batez onartu zen Nafarroako Parlamentuan, “lan zorrotzaren emaitza gisa eta Nafarroako Kontseiluaren babesarekin”. “Epai honek gure Foru Ganberaren ahalmen legegilea de facto murrizten du”, ziurtatu du. 

    “Foru Berriaren eguneratzea zeharo beharrezkoa zen Nafarroako errealitate sozialera hurbiltzeko”, azpimarratu du Geroa Baik, aldi berean defendatuz “gure Zuzenbide Zibilaren eskumen marko esklusiboaren baitan” lan egin zela, “bereziki arduratsuak izanez gainera eta Konstituzioan eta LORAFNAren baitan jasotzen denarekin bat jardunez”. 

    Geroa Baik bere kezka agertu du Foru Parlamentuak onartutako legeei Estatuak aurkeztutako inkonstituzionaltasun helegiteekin, hori berria izan ez arren, “Nafarroaren autogobernuari etengabeko eraso frontista” agertzen duelako. Koalizioak gogorarazi duenez, Sánchez Gobernuaren lehen Ministro Kontseilua izan zen hain zuzen ere inkonstituzionaltasun helegite hau jartzea onartu zuena. 

    Halaber, koalizioak azpimarratu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak hartu dituen legeak, kredituen lagatzeari eta ordainean emateari dagozkionak, “oso larriak dira, haien ezarpena pertsona partikularren artera mugatzen baitu, haien ezarpena pertsona juridikoengan izatea ezinezkoa bihurtuz eta, hortaz, foru legedian figura horien inguruan aurreikusten diren asmoak murriztuz edo bideraezin bihurtuz”.

    “Hain zuzen ere, kredituen lagatzea eta ordainean ematea eta horrengan ezar daitekeen bere eskubide sustantiboa, 1973ko Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean jada zeudenak dira, Konstituzioa indarrean sartu baino lehen alegia”, azaldu du koalizioak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko