Itzuli

Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak Nafarroak etxebizitza politikei eman dien biraketa soziala ez oztopatzea eskertu Geroa Baik

Koldo Martínez Koldo Martínez

2013ko Etxebizitzaren Foru Legeari buruz Auzitegi Konstituzionalak gaur aditzera eman duen ebazpenak Nafarroako Gobernuak azken urteetan bere etxebizitza politikei eman dien biraketa sozial sakona ez oztopatzea eta gainera horri babesa ematea eskertu du Geroa Baik, banketxe edo antzeko enpresen jabetzan dauden pisu hutsen desjabetzea ahalbidetuz, bi urtez hutsik egon badira.

“Rajoyren Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegite sistematikoen bidez, bost urte daramatza gure autogobernua murriztuz eta gure politika sozial aurrerakoiak oztopatuz, baina oraingoan Nafarroak aurrera egiten jarraituko du etxebizitza politikak aldatzeko eginahalean, etxebizitza eskubide izan dadin eta ez negozio”, azpimarratu du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak.

Foru Parlamentuko gehiengo aurrerakoiak UPNren Gobernuaren iritziaren aurka onartu zuen 2013ko Etxebizitzaren Legearen aurka PPk jarri zuen helegiteari buruzko ebazpenean, Auzitegi Konstituzionalak babesa eman dio orain pertsona juridikoen jabetzakoak –funtsean finantza erakundeak, ez partikularrak- diren etxebizitzak desjabetzeko Nafarroaren ahalmenari, gutxienez bi urtez hutsik egon badira, etxegabetze prozedimendu hipotekarioetan sarturik dauden etxebizitzetara neurri hau hedatzea ekiditen den arren.

Foru Legean aurreikusten den desjabetze mekanismo honek bost urte zeramatzan geldirik Estatuko Gobernuaren helegitearen ondorioz, eta orain “Nafarroa etxebizitza politika aurreratuetan komunitate aitzindari moduan jartzen du, pisu hutsen parkearen mobilizaziorako tresna garrantzitsu bat eskainiz, horiek etxebizitza eskubidearen zerbitzura jartzeko”.

Koldo Martínezek azpimarratu duenez Auzitegi Konstituzionalak “ez du PPren helegitea babesteko argudio juridikorik aurkitu, sektore inmobiliarioaren interesei erantzuten baitzion bakarrik,  nafarrok etxebizitza alorrean bultzatzen ari dugun biraketa soziala oztopatzeko beste helbururik gabe”.

Zentzu honetan, Geroa Baiko parlamentariak “Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa sozietate publikoak burutzen ari duten eginahala” nabarmendu du, “eskuinaren eragozpen guztiekin ere, etxebizitzaren erabileraren balioa eta funtzio soziala bermatzeko politikak egiten ari baititu, adreiluaren eskutruke eta espekulazio balioaren aurrean”.

Halaber, Geroa Baiko parlamentariak autogobernua jarduteko Nafarroaren subiranotasuna eta zilegitasuna defendatu ditu etxebizitza politiken alorrean ere, “bere Gobernuaren jarduna eta aurrera egiteko borondatea Rajoyren Gobernuaren etengabeko eragozpenekin topo egin gabe, Foru Komunitatean bertan UPN eta PPk eragozpen horiek txalotu arren”.

Izena eman gure buletina jasotzeko