Itzuli

Bankia eta Caixabanken arteko fusioaren eragin negatiboa gutxitzeko neurriak eskatu ditu Geroa Baik

Berregituratze planak langileen artean kezka handiak sortzen ari dituela ohartarazi du Mikel Asiain parlamentariak

Mikel Asiain Mikel Asiain

Geroa Baik Foru Exekutiboa premiatu du Estatuko Gobernuaren aurrean (Caixabank berriaren %16,11ren jabe dena) beharrezko kudeaketak egin ditzan, Bankia eta Caixabanken arteko fusioaren eragin negatiboa gutxitzeko neurri zehatzak hartzeko helburuarekin.

Mikel Asiain koalizioko parlamentariak nabarmendu duenez, “sindikatuei aurkezturiko berregituratze planak 66 pertsonei eragiten die Nafarroan, baina etorkizun hurbilean askoz ere lanpostu gehiago gal daitezke, horregatik kezka handia eragiten ari du langileen artean”.

Enpleguan aurreikusten den eragin negatiboaren aurrean, bai eta bulego kopuruan eta fusioaren ondorioz Caixabankek lortuko dituen kreditu fiskalek Foru Ogasunari ekarriko dion diru-sarreren murrizketaren aurrean ere, Geroa Baiko parlamentariak mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Koldo Martínez senatari autonomikoak Madrilen egin duen moduan, azken honek bigarren presidenteordeari gai honen inguruan galdetu ziolarik ere.

Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, “Lehman Brothers kolapsatzearen ondorengo urteetan, eta produktibitate eta lehiakortasun handiagoa lortzeko banka sektorea berregituratzeko aitzakiarekin, Aurrezki Kutxak banketxe bihurtzera behartzeko lege aldaketak ezarri ziren; hortik fusioak eta absortzioak egungo egoeraraino iritsi arte, finantza erakunde gutxi batzuekin bakarrik, denak banketxeak, kreditu kooperatibak salbu”.

“Horrek bulego askoren itxiera ekarri du, geroz eta udalerri gehiago inolako zerbitzurik gabe utziz, kutxazainik gabe ere. Horrek gainera, edozein gai motagatik komisioen areagotzea ekarri du, bai eta bezeroei arretarako ordutegien murrizketa, bulegoetan langile gutxiagorekin, autozerbitzua bultzatuz baina gure gizartean dagoen arrakala digital handia kontuan izan gabe”, ziurtatu du Asiainek.

Parlamentariak azaldu duen moduan, “prozesu honen guztiaren eraginetako bat, eta gure komunitatean hain ongi ezagutzen duguna gainera, Banca Cívicaren sorrera izan ze, ondoren Caixabankek absorbitu zuelarik”. “Horrekin Nafarroako Kutxa desagertu zen, nafar gizartearen erreferentziazko erakundea alegia, horrek eragin sozial eta ekonomiko garrantzitsua utziz”, gogorarazi du Asiainek, gaineratuz “estatu mailako fusio eta absortzioen garapen horretan guztian, altxor publikoak 60.000 milioi euro baino gehiago eman zuela, horietatik 4.000 besterik ez direlarik berreskuratu”.

Testuinguru hau kontuan izanik eta Caixabank eta Bankiaren arteko fusioak Espainiako finantza sektorearen historian enpleguaren erregulazio espedienterik handienetako bat ekarri duela kontuan izanik ere, 8.291 langileri eraginez eta 1.534 bulego itxiz, Geroa Bairen parlamentariaren iritziz “premiazkoa da Gobernu zentralak fusio honen eragin negatiboa gutxitzeko neurriak har ditzan”.

Izena eman gure buletina jasotzeko