Itzuli

Barkos: 2015ean erakundeetan ibilbidea hasi zuen etorkizuneko Nafarroa ordezkatzen jarraituko du Geroa Baik

Koalizioak ikasturte politikoari hasiera eman dio ehun hautetsi eta zale baino gehiagorekin egindako ekitaldi batean

    Aldaketa Nafarroan errealitate izaten jarraitzen duela eta finkatu egin dela aldarrikatu du Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak. “Ez da izan batzuek espero zuten parentesia, aldaketa politikoa ez da inolako parentesia izan Geroa Baik bere posizioa mantendu eta gizartearen konfiantza jaso duen tokietan, eta gutxik esan dezakete gauza bera”, azpimarratu du. “Iruñerrian ikusi dugu, beste batzuk iraganera loturik jarraitu nahi duten bitartean”. “Hau da horrenbesteko ziurgabetasunarekin amaitzeko unea”, nabarmendu du. 

    Geroa Baiko buruak ikasturte politikoari hasiera emateko ekitaldi batean parte hartu du ostiral honetan, ekitaldian ere Unai Hualde Foru Parlamentuko presidentea, José María Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Koldo Martínez senatari autonomikoak ere hitza hartu dutelarik. 

    Ehun hautetsi eta zaleren aurrean Barkosek azpimarratu duenez, “Geroa Bai aldaketaren egile da, beharrezko protagonista eta eztabaidaezina gainera”, eta ziurtatu du “aurrerakoitasuna, parekidetasuna eta Madrilekiko edo interes partikularrekiko menpekotasunik gabeko autogobernua” defendatzen jarraituko duela. “Geroa Baik 2015ean erakundeetan ibilbidea hasi zuen etorkizuneko Nafarroa ordezkatzen jarraituko du”, eta gaineratu duenez “Ongizate Estatua sendotzeko politikak bultzatzen jarraituko dugu, politika publiko eta aurrerakoiak finkatuz; euskal gizartearen harremanak, politikoak, administratiboak eta erakundeekikoak, normalizatzen jarraituz”. “Bizikidetza politiken aurrerapenean edo Nafarroatik Europako bidea egiten jarraitzean ez dugu amore emango”, ziurtatu du. 

    Ziurgabetasun une bat bizi dugula nabarmendu du Barkosek eta “politika beldur horiei erantzuna, horiek gainditzeko proposamena” izan behar duela defendatu du. Era berean, erronka ugari nabarmendu ditu, hots energia krisialdiaren erronka, subiranotasun energetikoari so eginez; krisialdi politikoa, konfrontazio antzuetatik ihes egitearen alde eginez, eta osasun krisialdia.  

    Euskararen alorrean ukaezinak diren aurrerapausoak defendatu ditu bozeramaileak eta salaketa alderdikoien dardo moduan erabiltzen duenik gaitzetsi du. Amejoramenduaren erreformari heltzeko unea dela nabarmendu du ere, “autogobernuaren benetako tresna bihurtzea ahalbidetzeko”. Halaber, “politika munizipalistaren garrantzia eta herriz herri gertatzen ari den despopulazioaren aurkako batailaren garrantzia” azpimarratu ditu.

    Bere aldetik, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Geroa Bairen lana azpimarratu nahi izan du, “gobernu plural eta aurrerakoien protagonista handi moduan jarri baikaitu, horiek izanik azken zortzi urteetako Nafarroaren nortasun ezaugarriak eta komunitate honetan bizi eta lan egiten duten pertsonen gizarte plurala gehien eta hoberen ordezkatzen duten ezaugarriak”.

    “Ezberdina baztertzean oinarritzen zen erregimenaren paradigma zeharo aldatu duten gobernuak izan dira, hori baitzen azken hamarkadetan zehar gure lurraldean eduki genuena”, ziurtatu du. 

    Bere aldetik, José María Aierdi Gobernuko lehendakariordeak defendatu duenez “Geroa Bai, oraingoz, aldaketa prozesu honen jarraitasunaren bermerik onena da eta, are gehiago, Nafarroako Gobernuan eta gobernu erantzukizunak ditugun udaletan kudeaketa eraldatzaile bat aurrera ateratzeko gaitasuna duen indar politiko bakarra ere, aldaketarekin dugun konpromisoaren printzipioei leial”. “Gure papera Nafarroako errealitatea benetan eraldatuko duten proiektuei ekitea eta horiek finkatzea da”, azpimarratu du. Maiatzeko hauteskundeei begira, Aierdik nabarmendu duenez “Nafarroan bi gobernu posible bakarrik daude: antzinako erregimen bipartidismo zaharkitura itzulera ordezkatzen duena edo duela zazpi urte ekin genion aldaketa prozesuari jarraitasuna bermatuko duen alternatiba plural bat”. 

    Koldo Martínezek bere hizketaldian azpimarratu du senatari autonomiko moduan uneoro saiatu dela “Nafarroa den moduan defendatzen, bere aniztasunaren aberastasunarekin eta bere kontraesan handiekin, emakume eta gizon langileen lurraldea, solidarioa, garapen jasangarriarekin eta pertsonen arteko berdintasunarekin konprometiturik dagoen lurraldea”. “Maila guztietan gobernu aurrerakoien alde Geroa Bairen apusturik gabe, ez litzateke ere Nafarroaren ahotsa, Nafarroa osoarena izaten saiatzen den senatarik, ni izaten saiatzen ari naizen moduan”, ziurtatu du.

    Ikasturte politikoari hasiera emateko Geroa Bairen ekitaldi honetan halaber koalizioko hautetsiak egon dira, hala nola Foru Gobernuko kontseilariak, parlamentariak eta zinegotziak, militante eta zaleez gain.

    Izena eman gure buletina jasotzeko