Itzuli

Berrikuntza demokratikorako neurrien artean Sekretu Ofizialen Legearen erreforma sartzea eskatu du Barkosek

“Erreforma iritsi bitartean zenbait kasu desklasifikatzea” eskatu du senatariak, “Zabalza, Arregi edo 78ko Sanferminena esaterako”

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Berrikuntza demokratikoaren inguruan Sánchez Presidenteak iragarritako neurri sortaren baitan Sekretu Ofizialen Legearen erreforma sartzea eskatu du Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak. Horrela, Barkosek gogorarazi duenez “uneotan Kongresuko Euskal Taldeak bultzaturiko erreforma bat tramitepean dago”, horregatik eskatu dio Gobernuari eta bertan dauden alderdiei “XXI mendeko errealitatetik zeharo kanpo dagoen eta espainiar demokraziaren irudi kaskarra eskaintzen duen lege hau gainditu dezaten”.

    Memoria Demokratikoari buruz Víctor Torresen Ministerioak dituen ildo nagusiak azaltzeko ministroak Senatuan egindako agerraldiaren baitan, Geroa Baiko senatariak esan du “Sekretu Ofizialen Legea desmemoriari monumentu frankista itzela” dela eta “azken hauteskundeetan eskuin muturraren gorakada bezalako egoeren zergatia azaltzen duela”.

    Ildo berean, Barkosek salatu duenez, “Diktadura betean idatziriko arau honek, memoria demokratikoaren alorrean benetan eta oztoporik gabe aurrera egitea eragozten ari du”. “Biktima askori zor zaien aitorpena, aitorpen administratibo hutsean geratzen da lege honen eraginez”, salatu du.

    Horregatik, Barkosek ministroari eskatu dio “erreforma iritsi bitartean zenbait kasu zehatz desklasifikatu daitezen, hala nola Mikel Zabalza, Mikel Arregi edo 78ko Sanferminena”.

    Halaber, Geroa Baiko senatariak ministroarekin bat egin du “memoria demokratikoan aurrera egiteko, biktimen arteko konfrontaziorik ezin onartu daitezkeela” esan duenean.  Honi dagokionez, Nafarroako Gobernuak 2015 urteaz geroztik burututako lanaren garrantzia azpimarratu du Barkosek, “alor honetan aurrera egiteko hiru testuinguru biktimologikotan eginez gainera, ez baitaude lehen edo bigarren mailako biktimarik”.

    Bestalde, Barkosek Torresi galdegin dio ea monumentu frankistei esangura berria ematea baino beste formula gehiago planteatzen ote dituen bere Ministerioak, “honakoa sakontasun handiko eztabaida baita”. Zentzu honetan, Geroa Baiko senatariak bere harridura agertu du atzo Iruñeko Udaleko PSNren udal taldeko bozeramaileak Eroritakoen Monumentuari buruz egindako adierazpenen aurrean, haren arabera monumentu honi esangura berria ematea eta eraikina ez eraistea izan baitzen Iruñeko zentsura moziorako akordioa. “Ez gaude ados. Gizarteak eztabaida horretan parte hartu beharra du, oroimenaren inguruko eztabaida baita”, ziurtatu du Barkosek. “Zure ministerioan esangura berria ematea al da bide bakarra edo eztabaidak ere tokia al du?”, galdegin dio.

    Azkenik, Ezkaba mendiko Gotorlekua Nafarroari lagatu aurretik eraikina egokitzea eskatu dio senatariak ministroari. Gotorlekua Foru Komunitateari eskualdatzeko iragarri den hitzarmenaren aurrean Barkosek gogorarazi duenez, “gaur egun Ezkaba mendiko Gotorlekua ez dago hitzarmen honek dituen helburuak betetzeko baldintzetan, hamarkadetan zehar instalazio hauek itxirik egon ondoren hondamen egoeran baitago eraikina”. “Gotorlekuaren egokitzea ez dagokio Foru Gobernuari, hitzarmenaren helburuak bete ahal izateko baldintzetan jaso behar baitu”, azpimarratu du Barkosek, aldi berean ministroari “ahaleginak, eta ez eferbeszentzia” eskatuz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko