Barkosek “autogobernuarekin konpromiso sendoa berritzeko” deia egin dio foru Parlamentuari
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakariak ostegun honetan Komunitatearen Egoeraren gaineko Debatean egin duen hitzaldian adierazi duenez, “Nafarroak egonkortasun politikoa eta negoziatzeko gaitasuna eskaini dio Madrili denbora tarte guzti honetan, eta Madrilek Nafarroari egonkortasun eza eta akordiorako gaitasun eza itzuli dio”.
Foru Parlamentuan bi orduz luzatu den diskurtsoan, Barkosek azpimarratu du egoera honek “modu agerian eragotzi duela gure Komunitatearen etorkizunerako gai oso garrantzitsuetan oinarrizko akordioetara iristea”.
“Hitzarmen Ekonomikoa, Amejoramenduaren betetzea edo azpiegituretan lanei ekitea Estatuari dagokio baina Nafarroak hitzarmenaren bitartez horietan parte hartu nahi du eta hori ezin da Madrilen gehiengo politikoak lortzeko gaitasun politiko ezaren araberakoa izan”, esan du.
Hala ere, Lehendakariak bere “baikortasuna” agertu du, espero baitu “baiezko ebazpena egotea gai guzti hauen inguruan, Nafarroak Estatuari egin beharreko ekarpenaren gainean akordioarekin hasita; 2014an erdietsi behar izan zen akordioa 2015ean indarrean egon zedin, eta horrela nafarron kontu publikoak zigortu gabe”.
Mikel Aranburu kontseilariak eta bere lan taldeak burututako negoziaketek “adostasunezko zifra bat egokitzea lortu dute, bai eta negoziaketa metodologia hurbilagoa ezartzea ere, Hitzarmenaren legearen izpirituarekin bat eginez modu ageriagoan”. “Azken akordioak Gobernu zentralaren bultzada politikoa behar du bakarrik”, ziurtatu du.
Hala ere, Barkosek esan du “balantzaren beste aldean Sustapen Ministerioaren jokabidea dagoela abiadura handiko trenaren hitzarmena dela eta, debate honen hitzaurrean hautsi baita, pasa den asteleheneko gauean, aldebakarreko moduan eta hitzarmenak berak hura amaitutzat emateko ezartzen dituen baldintzak bete gabe”.
Ziurtatu duenez, bere Gobernuak “azpiegitura garrantzitsu honen gainean Nafarroak erabakiak hartu ahal izatea ahalbidetuko duen hitzarmen bat berreskuratzeko lan egingo du”. Eta foru Exekutiboaren apustu “tinkoa” nabarmendu du “Nafarroaren interes orokorraren alde egiteko”. Barkosek azpimarratu du proiektu honek “korridore osoaren ikuspegia jaso” behar duela, eta gainera “finantzaketa formula argiago batekin eta arriskurik gabekoa, kobratzeko ziurgabetasunik gabe”.
Halaber Nafarroako Ubidea ere aipatu du eta foru Gobernuak “Erriberara eskuragai dagoen ur guztia eramateko apustu argia” egin duela berretsi du, “ur guztia alegia”. “Ez da Gobernu honen borondatea hektarea gerra batean sartzea”, azpimarratu du.
Horrela Barkosek Nafarroako Ubidearekin jarraitzeko proiektuaren idazketa “lehenbailehen” esleitzea espero du, “aukera tekniko ahalik eta eraginkorrena bilatuz”. “Horretarako beharrezkoa da lanen finantzaketarako proposamena definitzea”, nabarmendu du.
“AUTOGOBERNU OSOA”
Lehendakariak foru Parlamentuari gonbidapena luzatu dio “gure autogobernuarekin konpromiso osoa berriztatzeko, Espainiar estatuko gainontzeko komunitateekiko eta herriekiko errespetutik eta elkartasunetik, bai eta Europar Batasunarekiko ere”.
Barkosek, diskurtsoaren amaieran esan du “herritarrek horrela eskatu digutela”, eta parlamentariei eskatu die “egoeraren mailan egon gaitezen eta ez gaitezen oportunismo politikoaren akatsean erori”.
Exekutibo buruak ziurtatu duenez “Nafarroak asko daki gerrei eta bortizkeriei buruz, eta beti atera da galtzen barne eta kanpo akordioak lortu ez dituenean”. “Horregatik gaur ahalik eta batuagoak egon behar dugu gure nortasunaren defentsan, baita ere gure arteko ezberdintasunekin, autogobernuaren oinarrizko tresnen defentsan, gaur mundua mugitzen den ziurgabetasun eta zalantzaren ur nahasietan nabigatzeko bermerik hoberena baitira”, gaineratu du.
“Ez dezagun utzi horiek zalantzan jartzerik eta are gutxiago gure iraganeko amesgaiztorik txarrenetara eraman nahi gaituzten urrutiko ahotsen oihartzunek. Libreak eta subiranoak gara gure etorkizuna erabakitzeko orduan, eskubide posizio horren jardunak dituen mugak eta zailtasunak zeintzuk diren dakigun bezalaxe”, ziurtatu du.
Uxue Barkosek ziurtatu du “78ko Trantsizioan diseinaturiko espainiar Estatuaren egunik kritikoenak” bizitzen ari ditugula, eta Katalunian Konstituzioaren 155 artikuluaren ezarpena gaitzetsi du, “politikaren, akordioaren eta elkarrizketaren” defentsa eginez gainera.
Exekutibo buruak bere mintzaldia aprobetxatu du UPN salatzeko, “bere hauteskunde biziraupen propioa bilatzen baitu egungo Gobernuari egiten dion irainean, horretarako Nafarroaren izena eta marka kaltetuz ere, nahiz eta arrakasta gutxirekin egia esateko”. “Eta horrek kezkatzen nau ez baitira gutxi izan azken hilabeteetan ikusteko aukera izan ditugun sail honetako kapituluak, nafar gizartearekiko zeharo leialtasun gabekoak izan diren hitzaldietan, eta gure mugetatik kanpo existitzen ez den kaosa marrazteak, hori faltsua baita, gizarteak besterik ez baitu kaltzetzen”, azpimarratu du.
“NAFARROAK BERE KONTUAK GARBITU” DITUELA USTE DU
Foru Exekutiboko lehendakariak aldarrikatu duenez “Nafarroak bere kontuak garbitu ditu eta Komunitaterik kaudimendunena da orain, EAErekin batera kreditu kalifikaziorik gorena lortuz”.
Azpimarratu du krisialdi ekonomikoaren ondoren “panorama kezkagarria izaten jarraitzen duela, baina egia da hazkunde ziklo berri batean gaudela”. “Nafarroa, pixkanaka, onbideratzen ari da”, adierazi du, nabarmenduz foru Komunitateak garapen ekonomiko “positiboa” izaten ari duela, “bere isla garbia adierazle ekonomiko nagusietan” agertuz. “Joera positiboa da”, esan du, azalduz Gobernua “kontziente” dela “oraindik bide asko dagoela egiteko”.
ESKBIDE SOZIALAK, OSASUNGINTZA ETA HEZKUNTZA
Uxue Barkosek bere Exekutiboak Eskubide Sozialetan, Osasungintzan eta Hezkuntzan egindako aurrekontuen gorakada defendatu du, azpimarratuz bere helburua “zerbitzu publikoen kalitatea eta Ongizate Estatua finkatzea eta sendotzea” dela.
Uxue Barkosek ziurtatu du “gizarteak eskatu zigun lehentasunen aldaketak eta Gobernu moduan 2015eko uztailean hasi genuen horrek bere fruituak ematen ari ditu” eta ziurtatu du, “krisialdiak utzi zuen ezberdintasun eta txirotasun poltsaren aurrean”, Exekutiboak “babes sozialaren sistema sendotu zuela”. “Honen isla Eskubide Sozialen aurrekontuak 2015ean izandakoarekin alderatuz izandako %25 gorakadan dago”, nabarmendu du.
Osasungintza alorren, Barkosek esan du “lehen aldiz, 2017an, Osasungintza departamentuak 1.000 milioi euroko kopurua gainditu duela hasierako aurrekontuan”. “Zifra hau Nafarroako Gobernuaren aurrekontu osoaren herena da ia, bai eta emaitzak ematen dituen apustu bat. Nafarroak legegintzaldi honetan 2017ko osasungintza zerbitzurik hoberenak dituen komunitatea da berriro. Bigarren urtez jarraian, gure komunitateak guztien artean puntuaziorik hoberena jaso du”, azpimarratu du.
Gainera, Exekutibo buruak ziurtatu duenez Gobernuak hainbat ekimen sustatu ari ditu “hezkuntza berrikuntza sustatzeko eta eskola alorrean berdintasuna bermatzeko”. “Horrela, hezkuntza teknologien eta informazio sistemen sustapena da ildo estrategiko horietako bat, 2017rako hasierako aurrekontuan inbertsioa ia 4 milioi eurokoa izanik, modu horretan 2015 urtearekiko bider 8 eginez”, ziurtatu du.
Era berean, Exekutibo buruak Nafarroako Unibertsitate Publikoa garatzearen aldeko bere apustua aldarrikatu du irakaskuntza eta ikerketa alorretan eta esan du “2016ko aurrekontuarekiko hazkundea bi milioi baino gehiagokoa izan dela, bai eta urte anitzeko finantzaketarako akordioa dagoela ere”.
Uxue Barkos