Barkosek Trantsizio Ekologikorako ministroa premiatu du Nafarroako Ubidearen bigarren fasea uda baino lehen lizitatu dezan
Foru senatariaren eskaeraren aurrean, Sara Aagersenek bere “esku irekia” agertu du
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Sara Aagersen Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako ministroa premiatu zuen atzo, honek Senatuan egindako agerraldian, “Nafarroako Ubidearen bigarren fasea uda baino lehen lizitatu dezan”.
Honen harira Aagersenek agertutako “esku irekiaren” aurrean Barkosek berretsi zuenez, “2024ko azarotik Ingurumen Eraginaren Deklarazioa edukita, lizitaziorako data bat edukitzeko garaia da, funtsezkoa baita nekazarientzako, lehen sektorearentzako eta, bereziki, ureztatzaileentzako eta ureztatzaile komunitateentzako”, izan ere, senatariak adierazi zuen moduan, “honek beste hainbat azpiegitura planifikatzea ahalbidetuko du, eta ez derrigorrean ministerioaren ardurapekoak direnak”. “Obra honen lizitazioa ezin da 2025 hau baino gehiago luzatu, ministro andrea, eta aukerarik hoberena uda baino lehen edo uda inguruan egitea izango litzateke”, azpimarratu zuen Barkosek.
Halaber, Geroa Baiko senatariak bere kezka agertu zuen obra honen finantzaketaren inguruan Aagersenek esandakoaren aurrean. “Finantzaketa hitzarmen berri bat aipatu duzu, ez al du balio lehen faserako egin zen hitzarmenak? finantzaketa baldintzak aldatzea planteatzen ari al du Ministerioak? Estatuaren %60ko partaidetza eta Nafarroaren %40 aldatzea pentsatzen ari al da?”, galdegin zuen Barkosek.
Era berean, foru senatariak ministroari gogorarazi zion “uneotan CANASAk, gai hauek arautzen dituen sozietateak alegia, Nafarroako Gobernuarekin aportazio garrantzitsua duela etortzeke dauden erabilerengatik eta leialtasun handiz bete duela bere hitza”.
IBILGAILU ELEKTRIKOARI LAGUNTZAK
Bestalde, Barkosek beste gai batzuk planteatu zizkion ere Aagerseni, hala nola Moves Planaren baitan ibilgailu elektrikoa erosteko laguntzak, eta “bigarren omnibus dekretutik desagertu direla” salatu zuen. “Egia dena zera da, 2025eko urtarrilean kudeatu ziren laguntzak bertan behera geratu direla”, adierazi zuen Geroa Baiko senatariak, honen aburuz “trantsizio ekologikoa aukera ere izan behar delarik industriaren birmoldaketan eta kasu honetan automozioaren industriarenean”. “Laguntza hauek ongi funtzionatu dutela badakigu, bai ibilgailu elektrikoa erosteko trantsizioan bai eta birkargarako postuen elektrifikazioan ere”, ziurtatu zuen.
Eskaera honen aurrean, alor honetan Gobernuak aurki onartzea aurreikusten dituen laguntzak 2025eko urtarrilaren 1etik atzeraeragina edukitzeko konpromisoa hartu zuen Aagersenek.
ESAKO URTEGIAREN HANDITZEA
Gainera, Esako urtegiaren handitze proiektuaren berrikuspena eskatu zion beste behin ere Barkosek Aagerseni. “Hau 2001 urtean hasi zen obra da eta 2025 urtean segurtasunaren egokitzapen lanak burutzen jarraitzen dira”, salatu zuen foru senatariak, aldi berean gaineratuz “klima larrialdiak mota honetako obren segurtasun neurriak zorroztasun handiagoarekin begiratzea behartzen gaituela”. Ildo honetan berean, klima larrialdiaren aurrean mota honetako azpiegituren egurtasun protokoloak eguneratzeko beharraren inguruan Nazio Batuek egindako ohartarazpena ekarri zuen gogora Barkosek.
FORESTALIA
Era berean, Ministerioak Forestalia talde pribatuari emandako baimenen aurrean Nafarroako Gobernuak pasa den 2024 apirilean jarritako helegite judiziala gogorarazi zion Barkosek ministroari. Baimen horiekin Forestaliak tentsio handiko lau linea jarriko lituzke Aragoitik datorren energia Euskal Autonomia Erkidegoraino eramateko, Foru Komunitatetik barna pasaz.
“Fondoan eta forman desadostasunak daude eta Ministerioak ez ditu Nafarroako Gobernuak baimen hauei egindako alegazioak kontuan hartu, garaiz eta modu egokian aurkeztu ziren arren”, ziurtatu zuen Barkosek, era berean Aagerseni eskatuz “Ministerioak gai honi konponbidea eman diezaion, batzuetan ia foruaren aurkako zioa dela baitirudi”.
NATURAREN ERABERRITZEARI BURUZKO ARAUDIA
Azkenik, espainiar Estatuko Naturaren Eraberritzerako Plan Nazionalaren diseinuan Autonomia Erkidegoek edukiko duten partaidetza maila zein izango den jakitea eskatu zion Barkosek Aagerseni, alor honetan Europar Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak onartutako araudiaren ondorioz Plan hori aurkeztu beharra baitago. Halaber, “benetan zorrotzak diren helburu hauek lortzeko zein funts jarriko diren” galdetu zuen foru senatariak”. “Geroa Bairen ustez ezin dira egungo nekazaritza karterako funtsak izan, horien osagarri izango diren beste batzuk baizik”, amaitu zuen adieraziz.
Uxue Barkos