Itzuli

Barne ministroa eta ezker abertzaleko buruzagi ohien jarrera kritikatu ditu Koldo Martínezek

ETAko preso ohiei ongietorria egitearen aurka daudenei Joxemari Olarrak “sasi demokratak” (demócratas de mierda) deitu izana gaitzetsi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoa oso kritiko azaldu da gaur Goi Ganberako osoko bilkuran Grande-Marlaska Barne ministroarekin, aldi berean ezker abertzaleko buruzagien jokabidea gaitzetsiz, espetxetik atera dituzten ETAko presoei ongietorririk ez egiteko eskatu duten talde ezberdinetako zinegotziei “sasi demokratak” (demócratas de mierda) deitu baitituzte.

     

    Pérez de los Cobos koronela kargugabetzeagatik Barne ministroaren dimisioa eskatzen zuen Ciudadanosen mozio baten eztabaidan Koldo Martínezek azpimarratu duenez, “Barne Ministroaren dimisioa eskatzeko arrazoiak pentsatuz, Ciudadanosek erabiltzen duena Geroa Bairi gutxien inporta zaiona da. Izan ere, ez dugu ulertzen nola Marlaskak ez zuen Pérez de los Cobos koronela Madrileko Guardia Zibileko Komandantziako nagusi moduan kargugabetu Gobernura iritsi bezain pronto. Ez dugu ulertzen nola ministro sozialista batek ‘Kitchen operazioa’, ‘polizia patriotikoa’,’erreserbatutako funtsen’ erabilera eta beste hainbat jokabide kalifikaezin bere gain zituen pertsona bat bere konfiantzapean mantendu izana. Orduan mundu guztiak ulertuko luke aukera logikoena bezala, gaur dimisioaren alde bozkatuko dutenek ezik”.

     

    Koldo Martínezek bere zalantzak agertu ditu ministroak Senatuan aurretik egindako agerraldian polizia modernizatzeko azaldu zuen borondatearekin, orain arte Grande-Marlaskak Mikel Zabalza edo Germán Rodrgíguezen heriotzak sakonki ikertzeari uko egin baitio. Nafarroako senatari autonomikoak ordea ministroari aitortu dio “espetxe politika demokratiko batekin bete izana, presoen gerturatzean zehazturik, preso guztiena, haien familiak bizi diren lekuetara hurbilduz hain zuzen ere. Baita ere, azkenean eta dirudienez Nafarroari Trafiko eskumenaren transferentzia egitea errealitate bihurtuko dela, Sánchez presidenteak Uxue Barkos gure lehendakariari agindu bezala.

     

    Geroa Baiko senatariak ETAren desagerpena aipatu du ere, aldi berean ezker abertzaleko buruzagien hainbat jarrera kritikatuz, urte askoren ondoren indarkeria politikoaren garaietara atzera eramaten gaituzten jokabide eta lengoaiak mantentzen baitituzte oraindik.

    Orain gutxi arte ‘ETA mátalos’ oihukatzen zuten talde eta pertsonek gaur haien aurpegirik atseginena agertzen dute Espainiako erakundeetan. Eta ongietorria izan dadila. Baina horietako batzuk -Joxemari Olarra HBko buruzagi ohiak berriki idatzitako artikuluari so eginez- honelakoak bezalako gauzak argitaratzen dituzte: ‘Euskal preso politikoei ongietorriak egitea ez baimentzea eskatzen duten EAJ, PSOE eta Podemoseko zinegotzi guztiak sasi demokrata batzuk dira. 36Ko gerran haien ideia eta sinesmenengatik, abertzale, sozialista, anarkista edo komunista, tiro egin, zauritu eta erahil zutenek duten errespetu bera merezi dute hauek.’ Eta adierazpen horien aurrean gure ikara, gure nazka eutsiezina da”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko