Baztan-Bidasoa Lanbide Heziketako Zentro Integratua gauzatzeko tramite guztiak premiaz bizkortu daitezen eskatu du Baztango Geroa Baik
Udalbatzan eztabaidatzeko mozio bat aurkeztu du Hezkuntza Departamentuak Eskualdearekin eta bertako gizarte eta hezkuntza komunitatearekin duen konpromisoa ez baitu bete
Baztango Geroa Baik mozio bat erregistratu du ostegun honetako udalbatzan eztabaidatzeko, horren bitartez “Baztan-Bidasoa eskualdeko Lanbide Heziketaren sektoreko hezkuntza komunitatearen aldarrikapen eta beharrizanei bere elkartasuna agertuz”.
Halaber, koalizioak Baztango Udala premiatzen du “Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilari eta Departamentuarekin bere atsekabea ager diezaion, eskualde honekin eta bertako gizarte eta hezkuntza komunitatearekin dituen konpromisoak bete ez dituelako, zehazki Oronoz-Mugairin proiektatutako Baztan-Bidasoa Lanbide Heziketako Zentro Integratuari dagokionez”.
Era berean, “LH Zentro Integratuaren proiektuari dagozkion betebehar guztiak lehenbailehen bizkortzea” eskatu du Baztango Geroa Baik, “proiektua aspaldi onartu baitzen baina oraindik bete gabe dago”. Eta berea, “Baztan-Bidasoa eskualdeko hezkuntza komunitateak adierazitako kezka eta aldarrikapenei erantzuna ematera” premiatu du ere koalizioak.
Zentzu honetan, Lander Santamaría Baztango Geroa Baiko zinegotziak gogorarazi duenez, “2021ko urrian esan zuen Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak 2022 urtean hasiko zirela Baztan-Bidasoa Lanbide Heziketako Zentro Integratuaren eraikuntza lanak Oronozen”
“Kontseilariak ere orduan esan zuen ikastetxearen jarduera 2023-2024 urtean hasiko zela, eta hori ez da hala izan eta agerikoa da ez dela hala izango”, azaldu du zinegotziak. Santamaríaren arabera, “ezerezean geratu da zentro hori, eskualdeko gizarte eta hezkuntza komunitatearen nahi, ilusio, proposamen eta itxaropenak bestelakoak izan arren, bereziki Berako Toki Ona LH, Lekaroz eta Elizondoko La Laboral zentroetako komunitatearenak”. Era berean gaineratu duenez, “proiektu hori urte luzeetako aldarrikapena izan da, are gehiago bertako ikasle eta irakasleek Elizondoko instalazioetan egoera onartezin eta kaxkarrak pairatzen ari dituztenean”.
Lander Santamaríak deitoratu duenez “agerikoa da kontseilariak eta bere Departamentuak ez dutela bere hitza bete eta Baztan-Bidasoa eskualdeari huts egin diotela, haien leialtasun falta agertuz, egunotan kaltetutakoen aldetik ezagutzen ari ditugun errealitateari, berriei eta adierazpenei begiratzen badiegu gutxienez”. Horregatik guztiagatik, Baztango Geroa Baik bere babesa agertzen dio hezkuntza komunitateari eta Hezkuntza Departamentutik hartutako konpromisoak lehenbailehen bete daitezen” eskatu du.