Baztango Geroa Baik 2023ko aurrekontuen aurka bozkatu du
Baztango Udaleko gobernu taldeak 2023 urterako aurkeztu dituen aurrekontuen aurka bozkatu dute Baztango Geroa Baiko bi zinegotziek gaur goizean. Lehenik eta behin, adinekoen egoitzan egitea proposatzen den inbertsioa dela eta agertu dira kontuen aurka.
Lanen lehen faserako 6 milioi euroko inbertsioa egitea da Gobernu taldearen proposamena. 6 milioi hauen jatorrian, Diputatuen Kongresuan lortutako 4 milioiko zuzenketa bat eta Udalak eskatutako 2 milioi euro baino gehiagoko mailegua daude. Baztango Geroa Bairen arabera, “lanak amaitzeko mailegu berri bat egitearen arriskuei buruz Udalaren interbentzio txostenak berak ohartarazten du, 6 milioi euroko aurrekontu honekin lanen lehen fasea burutu baitaiteke bakarrik”. Koalizioko zinegotziek gogorarazi duten moduan, “2021eko azaroan egoitzaren zaharberritze proiektua aurkeztu zen eta horren kostua 8-10 milioi euro ingurukoa zen”.
“Zaharberritze lanek dirauten bitartean egoitzaren jarduerarekin jarraitu behar izateak, lanen benetako kostua kuantifikatzea zailtzen du, eta horren ondoriozko gainkostua ere agerikoa da”, ziurtatu dute zinegotziek. “Proiektua aurkeztu zen une hartan, baldintza berberak beteko lituzkeen egoitza berri bat eraikitzeko aurrekontua eskatu genuen, egoera baloratu eta kontrastatzeko helburuarekin, eta horrela eraikin zaharra eraberritu edo egoitza berri bat eraikin berri batean egitea interesgarriagoa ote zen edo ez ikusteko”, gogorarazi dute.
Geroa Baiko zinegotziek azaldu dutenez, “alkate eta egoitzako patronatuaren presidenteak gure eskaera jaso zuen eta aurrekontu hori aurkezteko konpromisoa hartu zuen ere, baina gaur oraindik ez dugu proposamen hori jaso, eta erabaki bat hartu aurretik oinarrizkoa dela uste dugu, horrek dakarren kostu handia dela eta, bai eta etorkizunean udalerriak izan ditzakeen beharrei begira ere, proiektu honek behar duen inbertsioaren ondorioz beharrizan horiek konprometiturik geratu baitaitezke”.
“Emandako arrazoiengatik gure botoa aurkakoa izanagatik ere, patronatutik burutu den lan guztietan parte hartu dugula azpimarratu nahi dugu, pertsonak erdian jartzen dituen eredura egokitzeko egoitzaren kudeaketa ereduan aurrera egiteko lanetan, bai eta egoitzaren instalazioak hobetzea bilatzen zuten lan guztietan ere”, nabarmendu dute Geroa Baiko zinegotziek. “Hala ere, esan dugun moduan, informazio hori mahai gainean edukitzeak, konponbide hoberena zein izango litzatekeen ziurtasunez jakiten lagunduko liguke”, adierazi dute.
Bestalde, Baztango Geroa Baiko zinegotziek ziurtatu dutenez, “herrietako eskolek eskola-materiala erosteko dituzten zailtasunen berri eduki genuen eta horren jakinaren gainean jarri genuen Udala ere, baina aurrekontu hauetan partida hori ez dela handitu ikusi dugu”.
“Hauek dira gure aurkako botoaren arrazoi nagusiak, bai eta azken 8 urte hauetan ohikoa den moduan, EH Bildu eta Baztango Ezkerraren koalizio gobernuak ez gaituela aurrekontuen lantzean parte hartzera gonbidatu ere”, salatu dute zinegotziek.