Baztango Geroa Bairen bi ekimen aho batez onartu dira haraneko errepide ugaritan bide segurtasuna hobetzeko

Baztango Udalbatzak aho batez onartu zituen pasa den ostegunean, irailak 23, Geroa Baik aurkeztutako bi mozio, horien bitartez haraneko errepide ugaritan bide segurtasuna hobetzea bilatzen zelarik.
Alde batetik, Arizkuneko Ordoki eta Bozate auzoetan ibilgailuek daramaten abiadura handiaren aurrean, Ordoki Auzoan guardia etzana edo sakangune bat jartzeko eta Bozate auzoan beste bi jartzeko baimena Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatzea onartu zuen udalbatzak, Geroa Baik hala proposaturik. Era berean, argiztaturiko abiadura seinaleak jartzea eta abiadura muga adierazten duten seinale bertikalen berrikustea eta, beharrezko kasuetan, jartzea onartu zuen ere osoko bilkurak. Halaber, behin Foru Exekutiboaren baimena lortu ondoren, Baztango Udalak lan horiek burutzea aho batez onartu zuen Udalbatzak.
Bestalde, Geroa Bairen ekimenez ere, Aritzakun-Urritzate eta Beartzun auzoetara iristeko errepide eta pista zati batzuk Errepideen Katalogoan sar ditzan Nafarroako Gobernuko Obra Publikoen sailari eskatzea onartu zuen udalbatzak. Arrazoi ezberdinak direla eta, hobekuntzak behar dituzten errepideak dira hauek, eta Udaletik konponbide txikiak burutu diren arren, Nafarroako Gobernuak ezin izan du horietan ekintzarik burutu, errepide hauek ez baitaude Nafarroako Errepideen Katalogoan. Ekimen honekin egoera hau konpontzea bilatzen da, bai eta Gobernuak bide hauen hobetzean inplikazioa edukitzea ere.