Itzuli

Berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko denon inpliklazioa eskatu du Geroa Baik

Gizarte demokratiko batek ezin duela berdintasun politiketan atzerapauso bakar bat ere eman defendatu du koalizioak

    Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Geroa Baik adierazi duenez, “emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko, eragile sozial, ekonomiko, politiko eta mugimendu feminista guztien inplikazioa beharrezkoa da, gizarte osoarena alegia”. Zentzu honetan, “berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko” bere konpromisoa berretsi du koalizioak, horretarako “politika publikoei bultzada emanez, esparru horretan ezin baita atzerapauso bakar ere eman”.

    Geroa Bairen arabera, “gaur ditugun ezberdintasunei aurre egiteko nahitaezkoa da anbizio handiko politika publikoei ekitea, bai eta horietara beharrekoa den diru kopurua bideratu ere”. “Giza baliabideak, ekonomikoak eta materialak behar ditugu, bai eta kontzientziazio handiagoa, maila guztietan formakuntza gehiago eta berdintasunean edota hezkuntza afektibo sexualean formakuntza gehiago ere”. “Nafarroan aitzindariak izan ginen Nafarroako hezkuntza zentroetan Skolae programaren ezarpenean eta, programa hori, oztopo guztien gainetik, lurralde osora hedatu beharra dago Nafarroako ikasle guztiek eskola zentro guztietan berdintasunezko hezkuntza jaso ahal izan dezaten”, azpimarratu du koalizioak.

    Halaber, martxoaren 8 honetan “gizarte zuzen eta berdinzale bat lortzeko talde feministen esperientzia eta egiten duten bultzada” nabarmendu nahi du Geroa Baik, “2015etik ezarritako lege markoarekin batera oinarri egokia baitira berdintasun politikek ezinbestean behar duten bultzadarako”. Ildo honetan, “aurreikusirik dauden tresnen eta jada onartu diren ekintza planen ezarpenean” azkarrago jardutera premiatu du koalizioak, “eta landa eremuko emakumeei arreta berezia eskainiz, emakume hauek erronka, zailtasun eta beharrizan espezifikoak baitituzte”.

    Geroa Baik azpimarratu duenez, “azken urteetan aurrerapausoak egon diren arren, oraindik aurrera egiteko eta lantzeko asko geratzen dela ohartu behar dugu, gizon eta emakumeen arteko eskubide eta aukera berdintasuna genero ideologia dela diotenek edota gizon eta emakumeen artean agerikoak diren desberdintasunak daudela ukatzen dutenek aldrebestutako garaietan bizi baikara gaur egun”. “Gizarte demokratiko batek ezin du berdintasun politiketan eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politiketan inboluziorik onartu, eta eskuin muturrak nahi duen inboluzioa da hori, indarkeria matxistan oinarrizkoena dena ukatuz, hau da, indarkeria horren existentzia bera, gainontzeko indarkeriekin alderatzen baitute”, azpimarratu du koalizioak.

    “Berdintasun politika guztien aurka eta bereziki feminismoaren aurka dagoen olatu negazionista eta erreakzionarioaren aurrean”, Geroa Baik iragarri duenez “gizarte zuzenago bat lortzeko lanean jarraituko dugu, pertsonen autonomia hobetuko duen gizarte bat, harreman parekideak sustatuko dituena eta demokrazian aurrera egitea ahalbidetuko diguna alegia”. “Emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkor eta erreal bat edozein demokraziaren funtsezko balioa baita”, adierazi du.

    Horregatik guztiagatik, berdintasun erreal eta eraginkor bat aldarrikatzeko Nafarroa osoan zehar egingo diren ekitaldi eta manifestaldi guztiekin bat egiten du Geroa Baik, eta martxoaren 8ko ekitaldi horietan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko