Itzuli

Berdintasun erreal eta eraginkorrarekin bere konpromisoa berresten du geroa baik eta edozein indarkeria matxista mota gaitzesten du

Berdintasunezko hezkuntzaren aldeko apustua egiten du koalizioak gazteenengan sexu indarkeriak izaten ari duen gorakadaren aurrean

    Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko bere konpromisoa berretsi du Geroa Baik, aldi berean emakumeenganako edozein indarkeria motaren desagerpenaren alde eginez ere.

    A25 honetan Geroa Baik modu berezian azpimarratu nahi du “gazteenengan sexu indarkeriak izaten ari duen gorakada, neskak diren haur eta nerabeengan bereziki”. INAI/NABIren azken datuen arabera, sexu indarkeria dela eta egiten diren 4 salaketatik 3, 30 urtetik beherakoek egiten dituzte. Honi gaineratuz, 2022 urteko Fiskaltzaren Memoriaren datuen arabera, “16 urtetik beherakoen artean sexu delituengatik egiten diren salaketek gora egin dute Nafarroan urtez urte, eta kasu larriak eta geroz eta adin txikiagoetan geratzen direla ohartarazten du horrek”.

    Geroa Bairen aburuz, “errealitate kezkagarri honen aurrean premiazko da erakunde guztiek bere esku dituzten estrategia eta mekanismo guztiak erabiltzea, emakumeek, neska nerabeek eta haurrek askatasunez eta segurtasunez euren bizitza garatu ahal izateko”. Horrela, berdintasunean heztearen garrantzia azpimarratu du Geroa Baik, eta “adin txikienetatik hasitan lan egitea gako” dela deritzo, “hezkidetzan eta baloreetan, bai eta jarrera sozial solidarioetan oinarrituriko hezkuntza eredu bat bermatuz, pertsonen artean elkarrekiko begirunea sustatuz eta Giza Eskubideen defentsaren alde eginez”. Horregatik, “Nafarroako hezkuntza zentroetan Skolae programaren ezarpena bizkortzearen aldeko” apustu tinkoa egiten du koalizioak, “Nafarroako ikasle guztiek haien eskola zentroetan berdintasunezko hezkuntza jaso ahal izateko”.

    Halaber, Geroa Baik nabarmendu duenez, A25 hau “berdintasunarentzako ultraeskuinak dakarren benetako mehatxupean” ospatuko da ere. Horregatik, koalizioak ziurtatu du “ez dela nahikoa horren gainean ohartaraztea, nahitaezkoa da gizartean aurrerapauso errealak eragingo dituen politika eraginkorrak jardutea, oso bereziki gizarte sektore diskriminatu eta estigmatizatuenetan”.

    Horrela, Nafarroan azken 8 urteetan garatu diren politiken garrantzia azpimarratu du Geroa Baik, “adostasun zabal, transbertsal eta integratzaileak sortzeko gai izan garelarik, eta horren adibide argia da denboraldi honetan guztian zehar foru mailan onartu den legedia”. Lorpen hauetaz gain, koalizioaren iritziz “beharrezkoa da araudi honen betetzean sakontzen jarraitzea, bai eta hasitako bideari jarraitzea bermatuko duten adostasunak bilatzen jarraitzea ere”. “Izan ere orain arte gizarte moduan lortutako aurrerapausoak handiak izan diren arren, emakumeen aurkako indarkeriak gure errealitatea kolpatzen jarraitzen du, eta hori deuseztatzeak erakunde publiko guztien eta gizarte osoaren konpromiso tinkoa behar du”, ziurtatu du Geroa Baik.

    Koalizioak gogorarazi duenez, 2023 urte honetan zehar 52 emakume hil dituzte Espainian genero indarkeriaren testuinguruan. Osotara, 1.237 emakume izan dira haien bikote edo bikote ohien eskutan hildakoak 2003 urteaz geroztik, datuak erregistratzen hasi zirenetik alegia. Geroa Baik oroitzapen samina du emakume horiekiko guztiekiko eta haien senitarteko zein lagunei bere elkartasuna helarazten die, bereziki Zhen Jiang-i, pasa den Uztailean Ermitagainan hil zuten emakumeari. Halaber, erasotuak izan diren emakumeei eta erasoak ere jasan dituzten haurrei bere elkartasun osoa adierazten die.

    Azkenik, azaroaren 25 dela eta antolatu diren ekitaldi guztiekin bat egiten duela iragarri du Geroa Baik eta deitu diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak, “ezinbestekoa baita emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena eta horren deuseztapena lortzeko konpromisoa ikusaraztea”

    Izena eman gure buletina jasotzeko