Itzuli

Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko bere konpromisoa berretsi du Geroa Baik

Genero indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta

    Azaroak 25 dela eta, NBEak “Emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko Nazioarteko Egun” moduan aldarrikatua, Geroa Baik “dimentsio guztietan egiten diren emakumeen aurkako indarkeria adierazpen guztien aurrean” bere gaitzespen osoa agertzen du.

    Era berean, “beti agerikoa ez dena eta emakumeen aurka, emakume izate hutsagatik, jarduten den” indarkeria mota honen aurkako bere konpromisoa berresten du koalizioa. “Genero desberdintasunaren eta diskriminazioaren adierazpenik larriena da hau”, ziurtatu du.

    Geroa Baik gogorarazi duenez, 2021 urte honetan daramagun tartean, Espainian 37 emakume hil dituzte genero indarkeria medio. Osotara 1.118 emakume hildako haien bikote edo bikote ohien eskutan, 2003 urtean datu hauek jasotzen hasi zirenetik. Geroa Baik bere elkartasuna agertzen die erasotuak izan diren emakume guztiei, bai eta haien seme-alabei, eta oroimen berezia egin nahi dio Pilar Berriori, aurten Murchanten erahildako emakumeari alegia.

    Halaber, “berdintasunaren eta emakume eta nesken aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde” lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du koalizioak. Defendatu duenez, “nahitaezkoa da prebentzio aktiboan sakontzen jarraitzea, bai eta gizarte osoaren sentsibilizazioan ere, eraso eta jarrera sexistak ez direlako jokabide isolatuak, emakumeen aurkako indarkeria haurtzarotik eta bizitza osoan zehar jardutea ahalbidetzen duen sistema baten zati baizik, haien integritatearen, askatasunaren eta gaitasunaren aurkako atentatua izanik”. “Oraindik, tamalez, jokabide hauek ahalbidetzen eta legitimatzen dituzten jarrera eta jokabide asko daude gure gizartean”, salatu du koalizioak.

    Horregatik, Geroa Baik “indarkeria matxista zentzurik zabalenean jorratzeko” apustua egiten du, “indarkeria fisiko, psikologiko, emozional, ekonomiko edo sinboliko modu guztiak barneratuz”. “Beharrezkoa da nafar erakundeek haien zerbitzuak eta baliabideak hobetzen jarrai ditzaten, giza baliabideak eta baliabide materialak, protokoloak, berdintasun unitateak eta mugimendu feministarekin elkarlana”, ziurtatu du.

    Halaber, “adin txikinenetan lan egiteko” apustua egin du koalizioak, “hezkidetzan eta baloreetan oinarrituko hezkuntza eredu bat bermatuz, bai eta berdintasunezko jokabide sozialetan eta giza eskubideen defentsan ere”. Era berean azpimarratu duenez, “adin guztietan maskulinitate parekideak lantzeko beharra dago”.

    Azkenik, Geroa Baik iragarri du azaroak 25 dela eta antolaturiko ekitaldiekin bat egiten duela, eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak, beti ere osasun segurtasuneko neurriak betez.

    Izena eman gure buletina jasotzeko