Berriki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak landutako lan dokumentuan jasotzen den moduan, Justizia Administrazioan lege erreformak burutzea aurreikusten duen galdetu dio Martínezek Gobernuari
Nafarroako senatari autonomikoak ekimen bat aurkeztu du Goi Ganberan, exekutiboak “Justizia Administrazioaren trabatzearen aitzakiarekin eskubide konstituzionalak ez direla mugatuko” bermatuko ote duen jakiteko
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak landutako lan dokumentua aditzera eman ondoren, apirilaren 7ko datarekin eta “Alarma egoeraren ondoren Justizia Administrazioan talka-planerako antolakuntza neurri eta neurri prozesalei buruzko lan dokumentua” izenburua daramana alegia, Koldo Martínez Nafarroako senatari eta Geroa Baiko kideak Espainiako Gobernuari zuzenduriko galdera sorta bat erregistratu du, honek “Justizia Administrazioaren baitan dauden talde eta eragile guztien artean aurretiko adostasunik gabe, lege erreformak egitea aurreikusten ote duen” jakiteko.
Martínezek bere “ziurgabetasuna eta kezka” agertu ditu, aipatutako dokumentu hori “dakigunera arte, gainontzeko operadore juridikoak kontuan hartu gabe diseinatzeaz gain, honakoa ezkutuko lege erreforma eta erreforma prozesal bat baita, planteatu den modua ezin delarik inolaz ere ez justifikatu ez eta onartu ere”.
Ekimenaren argudiaketaren arabera “BJKN-ak proposatzen dituen aldaketek arau hierarkiaren printzipioa urratzen dute ezarritako bideetatik kanpo gauzatu nahi den erreforma honetan, eta horretaz gain, proposatzen diren arau aldaketak indarrean sartuko diren unean zalantzarik gabe amaiturik egongo den alarma egoeraren aitzakia erabiliz, hortaz, neurri hauek ez dute behin alarma egoera amaitu ondorengo balizko kolapsoa ekidingo, iraunkortasun bokazioarekin planteaturik daudela baitirudi”.
Horregatik, Martínezek Gobernuari galdetu dio “Justizia Administrazioaren trabatzearen aitzakiarekin eskubide konstituzionalak ez direla mugatuko” bermatuko ote duen.
Halaber, ekimenaren testuaren arabera, “kasu askotan, proposamenek gure prozesuaren diseinuarengan, hori eratzen duten printzipioengan eta funtsezko eskubideengan ere eragina dute, azken hauen kasuan auzitegiak edukitzeko eskubidea eta herritarrek horien aldetik zuzenbidean oinarrituriko ebazpena lortzekoa”, horregatik ere jakin nahi du “balizko erreformek herritarrek babes judizial eraginkorra lortzeko eskubidea eta epai zuzena edukitzeko eskubidea ez mugatzea” bermatuko ote duen Exekutiboak, aurkakoa gertatuko balitz, “ justizia eskuratzea, haien eskubide eta interesak defendatzeko zerbitzu publiko den heinean, modu larrian mugatuko baita”.
Azkenik, Martínezek Gobernuari galdetu dio “ahulenek Justizia eskuratzea bermatuko” ote duen, “doako arreta juridikoa edukitzeko eskubidea alegia, ezarri daitezkeen erreformekin ez dela mugatuko” bermatuko ote duen.
“Talka-plan honetan proposatzen diren erreforma prozesalek -amaitu du Nafarroako senatariak- helburu bakarra dutela dirudi, alarma egoeraren ondorioz sortutako geldieraren ondoren organo judizialetan lana arintzeko balizko emaitza positiboak lortzea alegia, utzikeria urteen ondorioz auzitegiak jada kolapsaturik daudela kontuan izan gabe, Justizian giza baliabideetan ez eta baliabide ekonomikoetan ere ez baita inbertsiorik egin”.
Koldo Martínez