Itzuli

Blanca Regúlez izango da Lizarrako alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    Blanca Regúlez Álvarez (Erandio, 1970) izango da Lizarrako Alkatetzarako Geroa Bai koalizioaren hautagaia. Abokatua ogibidez, 25 urte baino gehiago daramatza Lizarran bizitzen, “dena eman dio” hiria izanik hau. Legegintzaldi honetan foru parlamentaria izan da, Pablo Ezkurra Geroa Bairen zinegotziarekin batera Nafarroako Aurrekontu Orokorretan inbertsio garrantzitsuak lortuz Egako Hiriarentzat.

    Blanca Regúlezek bere esker ona agertu die Geroa Baiko Herriguneko bere kideei, bai eta koalizioari berari ere, datozen udal hauteskundeetan hautagaitzaren buru egotera animatu izanagatik. Era berean, oso animaturik agertu da lizarratarren aldetik jaso dituen maitasun hitz kontaezinekin.

    Hautagaitza aurkezteko egin den prentsaurrekoan, Regúlezekin batera Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaia egon da ere, bai eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, herriguneko kideak eta parlamentu taldeko kideak ere.

    Lizarrako Alkatetzarako Geroa Bairen zerrendaburu moduan Regúlezek helburu argia duela adierazi du, “eskualdearen garapen ekonomikoaren alde lanean jarraitu, bai eta bizilagunen ongizate sozialaren alde eta bereziki, Lizarra barneratzaile, feminista eta bertan bizi garen emakume, neskato, gazte eta adineko pertsona guztientzako hiri seguru baten alde lanean jarraitu”. Eta gaineratu duenez, lau urte hauetan Foru Parlamentuan Lizarraren interesen alde lanean aritu naizen ilusio berarekin” egingo du.

    “Lizarrako bizilagunen interes orokorrarentzako inbertsio mesedegarriak gauzatzeko lanean jarraituko dugu, legegintzaldi honetan zehar industrialdeetan, merkataritzan edo lanbide heziketan egin dugun modu berean, bai eta udal zerbitzuen kudeaketa egoki baten bitartez ere, herritar guztietara iritsi daitezen eta herritar guztien onurarako izan daitezen ere, kale eta lorategietatik, gure adinekoen jasotzen duten arretaraino, gazteria guztiarentzako aisialdi aukeretatik pasaz”, nabarmendu du Geroa Bairen alkategaiak. 

    Lizarrako oinarrizko osasun eskualdearen gainean bere kezka agertu du ere Geroa Bairen hautagaiak, “hobekuntzarako tartea badagoela” adieraziz, eta “Lizarrako bizilagunok merezi dugun Lehen Arreta edukitzeko hobekuntza neurriak” proposatzeko eta bultzatzeko bere konpromisoa agertu du.

    “Zerrenda osatuko dugun pertsonek bai eta nik neuk ere, horren buru egonik, talde ona eratzen dugu. Pertsona hoberenak dituen taldea. Esperientzia eta udal politika ikusteko eta egiteko modu berriak uztartzen dituen taldea. XXI mendeko Lizarraren orainaren eta geroaren lidergoan egoteko moduko taldea eta, bereziki, Lizarrarentzako proiektuak lantzeko gogo handia duen taldea, Geroa Baik erakunde guztietan lan egiten dugun seriotasun eta ardurarekin gainera”, azpimarratu du Regúlezek.

    Era berean, Koalizioak udalerriarentzako legegintzaldi honetan Nafarroako Aurrekontu Orokorren bitartez lortu dituen inbertsioak baloratu ditu Lizarrako Alkatetzarako Geroa Bairen hautagaiak. Horrela, 130.000 euro bideratu dira enpresa mintegiaren handitze lanetarako (50.000 euro 2020an eta 80.000 euro 2021ean), 30.000 euro Autobus Geltokiaren zaharberritzean, 100.000 euro Lizarrako Lanbide Heziketarako Campusaren Plan Zuzendariaren idazketarako (EH Bildurekin batera bultzaturiko zuzenketa) eta 90.000 euro Curtidores eta Ordoiz kaleetan eguzki plaka bidezko kale-argien instalaziorako.

    Lanbide Heziketari buruzko zuzenketari dagokionez, Regúlezek gogorarazi duenez “Lizarran LH Campus bat bideragarri nola bihurtzeko txosten bat egitea zen planteatzen genuena, eta ez balizko alternatibei buruzko txostena, azkenean Gobernuak egin zuena alegia”. “Azpiegitura hau bultzatzea da Geroa Bairen konpromisoa oraindik, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren ardatz diren alorretan formakuntza emango lukeelarik eta gaur egun enpresek dituzten beharrizanei estuki loturik dauden titulazioak eskainiko liratekeelarik, hala nola robotika, big data, zibersegurtasuna edo inpresio funtzionala”, nabarmendu du alkategaiak.

    “Lana, lana eta lana egingo dudala hitzematen dut. Lizarra nire hiria da eta argi dut bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Lizarra nahi dudala”, adierazi du Regúlezek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko