Itzuli

“Botilen hilerria” Memoria Gune moduan egokitzeko Defentsa Ministerioaren ezezkoagatik galdetu du Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak galdera bat erregistratu du “Botilen Hilerri” moduan ezagutzen den gunearen berreskurapena dela eta, bertan Ezkaba mendiko Gotorlekuan hil ziren 131 preso politikoren gorpuzkiak baitaude, gotorlekua 1942an presondegi-ospitale bihurtu ondoren hildakoak alegia.

    Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariaren bitartez, hilerri honetan hobekuntzak burutzea aurreikusten du, baina Defentsa Ministerioak horretarako ezezkoa eman du, gune hori Aitzoainen kuartela duten tropen trebakuntzarako erabiltzen den tokitik gertu dagoela argudiatuz. Zehazki, Ana Ollo buru duen Kontseilaritzaren eskaerari erantzunez, Defentsa Ministerioak dio “Botilen Hilerriaren existentziak, Alfonso XII Gotorlekutik gertu eta Memoria Historikoaren Gune moduan aldarrikatua, pertsonal zibil askoren etortzea sustatu dezakeela, aipatutako helburu militarra oztopatuz”.

    Bere galderaren hitzaurrean, Geroa Baiko senatariak gogorarazi du Ezkaba mendiko Gotorleku azpian, 1942ko udaberrian, Ezkaba mendiaren ipar magalean hilerri bat ireki zela gotorlekuan hiltzen ziren preso politikoak ehorzteko, ordurako jada San Cristobal Presondegi-Ospitale bihurturik gotorlekua.

    Bertan 131 preso ehortzi ziren, modu egokian indibidualizaturik eta botila batekin hanken artean, hortik “botilen hilerria” deitura, botiletan presoaren datuak zeramatzan dokumentu bat sartzen baitzen: izena, adina, egoera zibila, zigorra, heriotzaren arrazoia...

    2006an plano bat agertu zen, bere garaian Gotorlekuko kapilauak egindakoa, bertan hilerriko 131 presoren kokapena jasoz, eta horri esker hasi zituzten elkarte memorialistek desobiratze lanak eta gunearen hobekuntza lanak.

    Era berean, Koldo Martínezek bere idazkian gogorarazten duenez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaritzaren baitan dagoen Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, “Botilen Hilerria” egokitzea aurreikusten du. Eta hilerri hori gaur egun Defentsa Ministerioaren lurretan dago, honek egokitzapen lanak egiteko baimena ukatuz, bere inguruetan troparen instrukzio eta trebakuntza jarduerak egiten direla argudiatuz.

    “Hau da, Defentsa Ministerioak trebakuntza militarra lehenesten du toki hori Memoriaren Gune aldarrikatzearen aurretik, 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan hildako eta jazarritako biktimen aitorpenerako eta erreparazio moralerako 33/2013 Foru Legearen arabera eta Memoria Demokratikoaren estatuko Legeak berretsi duen arabera, gune hori jazarpen frankistaren erreferentea den arren, eta jakinik bertan, 1938an, 206 preso erail zituztela ihesaldi masibo baten ondoren. Jokabide hauek biktimak birbiktimizatu besterik ez dute egiten”, salatu du Koldo Martínezek.

    Geroa Baiko senatariak Gobernuari galdetzen dio “unitate militar baten trebakuntza Memoria Demokratikoaren Legearen gainetik egon behar duela iritzi ote duen, lege horren Senatuko azken onarpenean, Félix Bolaños Presidentziako ministroak esan ondoren demokrazia espainiarrarentzako egun ahaztezina zela”. Halaber, “toki horretan egiten diren eta su erreala erabiltzen duten jarduera militarrak Ezkaba menditik ateratzeko Estatuko Gobernuak zein ekintza burutzea aurreikusten duen” galdetu du ere senatariak, izan ere “su errealarekin egindako maniobrek sute ugari sortu dituzte jada inguru horretan, aisialdirako gune izan behar bailuke Nafarroako toki populatuenetako batean kokatzen den Parke bihurtuz, mendiaren jabekide diren udalerri eta kontzejuek urte luzez eskatu izan duten moduan”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko