Nafarroaren Eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna direla eta Geroa Bairen adierazpena
Abenduaren 3an Nafarroaren Eguna bai eta Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunen aurrean, Geroa Baik Nafarroako aniztasun eta pluraltasunarekin barneratzailea eta begirunetsua den jardunaldia izatearen alde egiten du, bai eta euskaren aldeko konpromisoa agertzeko balio dezan ere, bizikidetzarako hizkuntza eta etorkizunarekin loturik dagoen hizkuntza den heinean.
Jardunaldi honetan datozen belaunaldientzako Nafarroa hobe baten alde lan egiteko Geroa Bairen konpromisoa berritu nahi dugu. Uste osoa dugu etorkizunera gure aukera eta bertute hoberenetan sinetsiz begiratu beharra dugula. Eta zalantzarik gabe, horien artean baliotsuenetako bat Nafarroan elkar bizi diren ñabardura eta sentsibilitate ugariak dira. Aniztasun hori aberastasun moduan ulertu beharra dago. Gure lurraldeak sentsibilitate oso ezberdinak ditu baina inoiz ez bateraezinak, eta bi hizkuntza ditu ere, eta gaur bereziki, Euskararen egunean, harrotasunerako arrazoi izan behar dute eta inoiz ez konfrontaziorako.
Halaber, Geroa Baik Nafarroaren Egunaren ospakizuna aprobetxatu nahi du Nafarroa nafarrok askatasunez nahi dutena izatea erabakitzearen aldeko apustu sendo eta demokratikoa behin berriro ere berresteko, eta horretarako gure autogobernua defendatzea funtsezkoa da. Defentsa hori orain arte Nafarroako indar politiko guztiek jarduten zuten, askotan elkarren artean urrun zirenak, baina beti ziren gai Nafarroako interesen defentsan amankomuneko posizioak bilatzeko. Foru erregimena aldizka nola erasotua izan den ikusi dugu, bai eta nola orain arte Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza zuten formakuntzen aldetik ahobatezko erantzuna izan duten beti eraso horiek.
Hala ere, 2019 urte honetan inflexio puntua egon da, alderdi interes hutsengatik defentsa hori alde batera utzi duenik baitago, eraso hauei garrantzia kenduz bai eta jarrera zeharo antiforalistekin eraso horiek babestuz eta zurituz ere. Geroa Baik kezka bereziarekin ikusten du hori, jarrera larri eta arduragabea baita eta Nafarroaren posizioa ahuldu eta kaltetu besterik egiten ez baitu Estatuarekin duen aldebiko harremanean.
Jarrera hauen aurrean eta ikusten ari dugun olatu birzentralizatzaile honen aurrean, Geroa Bai ez da ezer esan gabe geratuko. Gure autogobernuaren aurka egin nahi dutenek beti aurkituko gaituzte aurrean, foru erregimenaren eta Nafarroaren zein bere herritarren interes sozial eta ekonomikoen defentsa tinkoa eginez. Nafarroa bere etorkizunaren jabe delako eta ez salerosian ibili daitekeen objektua, batzuek nahi duten moduan, nafarron erabakien gainetik pasatzeko.
Gizarte moduan ezin uzkurtu gaitezke gu ahuldu edo etsiaraztea bilatzen duten diskurtsoen aurrean, ez eta konfrontazioa bilatzen dutenen aurrean ere ez. Horren aurrean, Geroa Baik gizarte moduan guregan eragina duten afera guztietan ezberdinen arteko ituna, elkarrizketa eta negoziazioa bilatzearen aldeko bere konpromiso konbentzitua agertzen du. Ezberdinen artean elkar ulertzeak aberastu egiten baikaitu, eta zalantzarik gabe, gure aniztasuna gozatzean aurkituko ditugu gure aukera handienetako batzuk.