Itzuli

Covid-19aren krisialdia gainditzeko autogobernuaren garapenaren alde egin du Geroa Baik

Parlamentuko taldeak 39 ebazpen proposamen erregistratu ditu Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Berezian onartzeko; horietako 12 bakarka eta gainontzekoak beste taldeekin batera sinaturik

Geroa Baiko parlamentu taldeak 39 ebazpen proposamen aurkeztu ditu orotara Nafarroa Suspertu Planari buruzko Batzorde Berezian onartzeko, COVID-19aren krisialdia gainditzeko autogobernuaren garapen eta aurrerapenean fokatuz horiek. Erregistratutako proposamenetatik, horietako 12 koalizioak aurkeztu ditu eta gainontzekoak beste parlamentu taldeekin batera aurkeztu dira.

Geroa Baik ziurtatu duenez, COVID-19aren krisialdiak alor sozial eta ekonomikoan utzi dizkigun ondorio larriek, bai Nafarroan bai eta planeta mailan ere ereduaren berregituratzera behartzen gaituzte. Koalizioaren aburuz, birplanteamendu honetan, murrizketa edo zergen arteko eztabaida bezalako erantzunak zaharkiturik daude jada: hazkunde ekonomiko, industrial eta orokorrean ekoizpenaren hazkunderako esparru berriak bilatu behar dira; baina ezeren gainetik, autogobernuan sakondu beharra dago gure diru-sarrera eta gastu sistema birmoldatzeko.

Hezkuntza, ikerketa edo kudeaketa esparruetako alor ezberdinetan eskumenak geureganatzea Nafarroa Suspertu Planaren markoan behin betiko jorratu beharra dago

Hortaz, eta premiaz, Geroa Baik estatu mailako politiken atzetik jarraitzearen inertzia abandonatzeko beharra planteatzen du, ez baitira nafar gizartearen beharrizan errealetara egokitzen. Koalizioaren arabera, hezkuntza, ikerketa edo kudeaketa esparruetako alor ezberdinetan eskumenak geureganatzea ezin da eztabaida alderdikoien esperoan egon, eta Nafarroa Suspertu Planaren markoan behin betiko jorratu beharra dago hori.

Ildo berean, marko honetan Nafarroak berreraikuntzarako funts espainiar zein europarren negoziazioan ahots propioarekin parte hartzearen beharra defendatzen du Geroa Baik. Hori guztia, gure Komunitatearen etorkizunaren definizioan gain balioa duten proiektuak ekartzeko helburuarekin, enpresa txiki eta ertainen erronkei babes berezia eskainiz eta aldi berean Adimen Artifiziala bezalako alorren inguruan etorkizuneko begirada duten proiektuekin.

Proposamen Propioak

Ekonomia eta Ogasun Departamentuan erregistratutako proposamen propioetan, Geroa Baik Foru Gobernua premiatzen du Estatuko Gobernuarekin elkarrizketari berriro hel diezaion, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioaren markoan jada hasia den trafiko konpetentziaren transferentzia bizkortu dezan eskatzeko, eta espetxeetako osasungintza, I+G+b, bekak eta ikasketetarako laguntzak, eta espetxe erakundeak bezalako beste konpetentziak ere sar ditzan.

Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuari dagokionez, 65 urte baino gehiagoko pertsonek, bakarrik edo haien senar edo emaztearekin bizi direnak lehenetsiz, etxebizitza baten jabe izanda ere, babestutako alokairu eskaintza eskuratu ahal izateko arau aldaketak egitea proposatu du Geroa Baik, betiere jabegoan duten etxea Nasuvinsa sozietate publikoak kudeaturiko Alokairu Poltsa programara lagatzen badute.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, despopulatzearen aurkako politikak garatzerako orduan, berriki Nafarroako Parlamentuan egin ziren despopulazioaren inguruko jardunaldien markoan lan taldeetatik sortutako proposamenak kontuan hartzea proposatu du gainera koalizioaren parlamentu taldeak.

Hezkuntzari dagokionez, Foru Komunitatearen garapen ekonomikoarentzako  gako-ardatzak direnekin lerrokaturik dauden Lanbide Heziketa titulazio berriak finkatu eta ezartzeko apustu sendoa egitera premiatu du Geroa Baik Nafarroako Gobernua, Lanbide Heziketa Dualean sakonduz, plaza kopurua handitzeko konpromisoarekin, bai gazteleraz bai eta euskaraz ere. Halaber, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Hobekuntzarako Ituna betetzen jarraitzea proposatu du parlamentu taldeak, 57 urte baino gehiagoko irakasleen lanaldia murriztuz eta 2020ko irailetik aurrera zuzendaritza zereginetarako aurreikusita dagoen ordu banaketaren handitzea zentro publikoei bermatuz.

Adimen Artifizialeko Nazioarteko Nafar Zentroa sortzeko apustua egiten dugu, Adimen Artifizialaren esparru nagusietan oinarrizko ikerketa transbertsal eta bikaintasunezko baten garapen optimoa bermatzeko helburuarekin

Herritarrekiko Harremanen esparruan, Europar Batasunak ‘Next Generation UE’ moduan ezagutzen den programaren bitartez estatu kideen esku jarriko dituen funtsen negoziazio, banaketa eta kudeaketan rol aktiboa edukitzeko, Exekutiboak beharrezkoak diren kudeaketak egin ditzan proposatu du koalizioaren parlamentu taldeak; eta Nafarroako Gobernua premiatu du erakundeen arteko lankidetza sustatu dezan euskarazko eduki formatibo eta kulturalen online eskaintza handitu dezan, euskarazko ikus-entzunezko edukien ekoizpena sustatuz, euskarazko online tresnetan formakuntza bultzatuz, eta Nafarroako lurralde osoan ETB3ren hartzea mesedetzeko beharrezkoak diren pausoak emanez.

Osasun arloari dagokionez, kontaktuen miaketa monitorizatu eta laguntzeko Google eta Apple teknologiadun enpresak sustatzearen alde egiten du Geroa Baik, adimen artifiziala eta big data koronabirusari aurre egiteko erabil daitekeela baiteritzo, horretarako aurrediagnostikoa, kasuen jarraipena, pandemiaren monitorizazioa eta emaitzen neurketa funtzioak erabiliz.

Eskubide Sozialei dagokienez, Nafarroako Gobernuak Ekonomia Sozialaren aldeko apustua areagotu dezan proposatu du Geroa Baik, ekonomia dinamikoago, jasangarriago, berritzaileago eta enpresetan fokatuago baten ardatz baita. Zentzu honetan, koalizioaren parlamentu taldeak Exekutiboa premiatzen du 2017-2020ko Ekonomia Sozialaren I Plan Integralaren balorazioa egin dezan eta II Ekonomia Sozialaren Plana landu dezan ere, Gobernuko Departamentu guztien eta esparru horretan lan egiten duten eragileekin lankidetzan eginez.

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalaren Departamentuan,  Navarre International Artificial Intelligence Centre (NIAIC) – Centro Internacional Navarro de la Inteligencia Artificial Adimen Artifizialeko Nazioarteko Nafar Zentroa sortzeko apustua egiten du parlamentu taldeak, Adimen Artifizialaren esparru nagusietan oinarrizko ikerketa transbertsal eta bikaintasunezko baten garapen optimoa bermatzeko helburuarekin eta, modu horretan, oinarrizko ikerketak, industrian edo merkatu orokorrean berehalako aplikazio zuzenik ez duena, krisialdi honetan hain eraginkorra eta beharrezkoa izan den hori alegia, bere tokia eduki dezan. 

Garapen Ekonomikoari dagokionez, COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz krisialdian dauden enpresa txiki eta ertainen berregituraketa eta bultzadarako laguntza programa baten sorreraren aldeko apustua egiten du koalizioaren parlamentu taldeak.

Azkenik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan, Geroa Baik Nafarroako Gobernua premiatzen du anbizio klimatiko maila handiago bat bultza dezan, horretarako Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikorako Foru Lege berri bat eginez, bai eta ekonomia zirkularra sustatu dezan, Bioaniztasun Foru Lege berri bat sustatu dezan, eta elikadura sistema zuzen, osasungarri eta Ingurumenarekiko begirunetsu baterantz aurrera egin dezan.

Beste parlamentu taldeekin batera egindako proposamenak

Beste parlamentu taldeekin batera aurkeztutako proposamenei dagokienez, Geroa Baik honakoak nabarmendu nahi ditu: etxebizitza kolaboratibo eredu berriak ezartzearen aukera maila eta bideragarritasunari buruzko estudio bat lantzea; landa eremuan tipologia tradizionala duten eraikinen zaharberritzea malgutzea eta erraztea ahalbidetuko duen arau mekanismo berri bat ezartzea; Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Eskualdeen Batzordea edo Pirinioen Lan Komunitatea bezalako Europako erakundeen baitan Nafarroaren presentzia aktiboaren finkatzea eta sendotzea, edo Bizikidetzarako I Plan Estrategikoa egun dugun osasun larrialdiak eta bere ondorio ekonomiko eta sozialek sortutako egoera berrira egokitzea.

Beste taldeekin batera aurkeztutako beste proposamenen artean, Medikuntza Pertsonalizatu eta Zehaztasunezkoaren Estrategia Integralaren lanketa prozesua amaitzea dago, bai eta nekazal sektorean ekoizpen prozesu osoaren digitalizazioan aurrera egitea; Nafarroako Foru Komunitateko Administraritzan lan ez presentzialaren arauen sustapena; Udalen finantzaketarako eredu berri bati bultzada eta Toki Erakundeetan Administraritza Elektronikoa ezartzeari bultzada; eta egoitzarako zein desgaitasunerako zentroak eta gizarte zerbitzuetako beste zentroak, pertsona erdian duen beste arreta eredu berri baten beharrei egokitzeko, zentro propioak edo tokiko erakundeen zentroak berregokitu eta zaharberritzeko inbertsio linea bati bultzada.

Beste taldeekin ere, Osasungintzan Lehen Arretarako erabiltzen den aurrekontuan gutxinaka handitzea proposatzen da gainera, legegintzaldi amaieran Osasun Departamentuko aurrekontu globalaren %25era irits dadin; hezkuntza ez formalerako, prebentzio komunitariorako zerbitzuetarako eta adin txikikoen zaintzarako espazioak ekainean, uztailean eta abuztuan irekitzeko helburuarekin, osasun irizpideak lehenbailehen ezarri; Nafarroan senitartekoen laguntzarik ez duten etorkin gazteen autonomia eta emantzipazio prozesuak bultzatzeko bermezko zerbitzu espezifiko bat martxan jarri; eta Justizia Administraritzaren eraldaketa digitalean aurrera pausoak eman, telelana sendotuz, epaiketa telematikoak eginez eta espediente digital judiziala behingoz ezarriz, besteak beste.

Izena eman gure buletina jasotzeko