Ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen aldeko lankidetza jasangarriko formula parte-hartzailea den aldetik, Ganberak kooperatibismoarekiko duen konpromisoa helarazi du Unai Hualdek
Kooperatiben Nazioarteko Egunarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak
Uztailaren 3an ospatzen den Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur UCAN eta ANEL elkarteetako ordezkariekin batera. Modu honetan, kooperatibismoarekiko konpromisoa berretsi du Legebiltzarrak, gizarte- nahiz ekonomia-arloan enpresa-eredu parte-hartzailea den aldetik.
Genero indarkeriaren azken biktimaren omenez minutu bateko isilunearekin hasi da ekitaldia, eta bertan, Unai Hualdek, Nafarroako kooperatibismoaren "tradizio eta errotzea" azpimarratu du, baita "gizartearen eta lurraldearen kohesioari egiten dion ekarpen izugarria” ere. Kalitatezko enpleguaren alde egiten duen "apustu irmoaz gain, despopulazioaren aurka borrokatzeko formula ere bada".
Horren harira, lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela "guztion ongizatea bilatzen duten enpresa-ekimenei balioa ematea, are gehiago bizi dugun osasun- eta ekonomia- krisi garai hauetan. Kooperatibek, gure udalerri gehienetan egoteaz gain, 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten dute, eta horrek berekin dakar ekintzailetza, genero-berdintasuna eta aukerak sustatzea, gazteengana hurbiltzea eta, azken batean, gizarte-balioa sortzea".
Unai Hualdek eskerrak eman dizkie ANEL eta UCAN elkarteei, “Nafarroa hobe bat eraikitzeko egindako lanagatik. Orain, tunelaren amaieran argia ikusten dugun honetan, lanean jarraitu behar dugu inor atzean ez uzteko eta krisialditik onik ateratzeko. Horixe da aurten aukeratu duzuen leloak esaten diguna: Elkarrekin hobeto berreraiki.
Amaiera gisa, Mikel Irujok, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, telematikoki hitza hartu du Bruselatik, Ekonomia Sozialaren Europako Ekintza Planari buruz deitutako Eskualdeetako Lantaldearen Osoko Bilkuran parte hartzen ari baita.
Bere ustez, "ekonomia sozialaz hitz egitea garapen ekonomiko eta industrialaz hitz egitea da, balioen ikuspegitik eta lurraldearekiko errotzetik. Azken sei urteetan, Nafarroan 562 kooperatiba eta lan-sozietate sortu dira, eta azken urtean 29. Nafarroako Gobernuaren lana alor hori zaintzea da, 2.400 milioi fakturatzen baititu eta sektore pribatuko lanpostuen % 8,5 hartzen baitu".
Unai Hualde