Emanzipa programan eta gazteentzako alokairu eskaintza publikoko eskaintzan aurreikusitako hobekuntzak helarazi dizkio Aierdik Gazteok Bai-ri
Gazteei alternatibak eskaintzeko tresnarik eraginkorrena alokairu eskuragarriaren aldeko apustua dela adierazi dute egin duten bileran
José Mª Aierdi Nafarroako Gobernu lehendakariorde eta Etxebizitza kontseilariak Gazteok Bairi, Geroa Bairen gazte antolakundeari alegia helarazi dionez, Departamentuak gazteei espezifikoki zuzenduriko alokairuko etxebizitzen eskaintza areagotuko du Navarra Social Housing programaren bigarren fasean, 2017 geroztik sustapen publiko zuzeneko 500 etxebizitza baino gehiago dituen plana alegia, datorren urtean beste hainbestetan handituko delarik kopuru hori.
Gazteok Bai bilera egin du Aierdirekin, bertan gazte antolakundeak gazteek etxebizitza alorrean dituen kezka nagusiak azaltzeko aukera eduki duelarik. Bere aldetik, pertsona guztien, eta bereziki gazte kolektiboaren etxebizitza eskubidea bermatzeko bere Gobernuak egiten dituen esfortzuak azaldu ditu kontseilariak, etxebizitza duina lortzea ia ezinezkoa bihurtzen duten merkatuaren jardun espekulatiboen aurrean. Biak bat etorri dira alokairu lorgarriaren eskaintzaren aldeko apustuan, hori baita gazteei alternatibak eskaintzeko tresnarik eraginkorrena.
Aierdik azaldu duenez, Nasuvinsa sozietate publikoak gaur egun parke publikoan dituen mila etxebizitzetatik, %20 inguru gazteei etxebizitza errazteko erreserbaturik daude eta etxebizitza tipologia alokairu gaztearen beharrizan espezifikoetara egokitzeko konpromisoa azaldu dio kontseilariak Gazteok Bairi, bai eta ehuneko hori bigarren faseko promozio berrietan modu nabarmenean areagotzera ere.
Etxebizitza libreari dagokionez, Aierdi lehendakariordeak iragarri du Foru Exekutiboak hobekuntzak egingo dituela EmanZipa programan, gazteei bideraturiko alokairua ordaintzeko %50eko laguntzen programan alegia, datorren urtarrilaren 1etik aurrera bere hilabeteko gehieneko muga 675 eurotaraino goratuz, modu honetan, iristen den etxebizitza kopurua handituz ere. Gaur egun, osotara 2.811 gazte atxikitu dira programa honetara, 2018an Estatuan aitzindaria izan zen Etxebizitzarako Eskubide Subektiboaren Lege berritzailea onartu ondoren aktibatu zenetik, horrekin gazteei edo familia zaurgarriei lehen aldiz alokairurako laguntzak ematea ahalbidetu zelarik.
Aierdiren arabera, “etxebizitza negozio moduan ulertzetik eskubide moduan ulertzera pasatzea ez da adierazpen erretoriko hutsa; azken bost urteetan lortu ditugun emaitza zehatzek laguntzen dute ere, alokairuko etxebizitza publikoko parkean 200 gazte baino gehiago bizitzen ditugularik eta ia 3.000 EmanZipa programara atxikiturik”.
Gazteen kezka eta eskaerei erantzuna emateko Nafarroako Gobernuak aktibatzen ari dituen politiken inguruan aritu da kontseilaria Gazteok Bairekin. Aierdik, 2015etik hona bere Departamentuak Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez burutu dituen gazteentzako programa espezifikoak azaldu ditu eta, aldi berea, Gazteok Bai kolektiboak solasaldian zehar egindako hainbat proposamen jaso ditu ere.
“Nafarroako Gobernuak 2015tik aurrera etxebizitza politiketan emandako biraketaren garrantzia” azpimarratu dute Gazteok Baiko kideek, “etxebizitzaren eta alokairu lorgarriaren funtzio soziala lehenetsiz, etxebizitza aurrezpen edo inbertsiorako ondasun moduan ulertzearen aurrean, horrekin gazteentzako etxebizitzen eskaintzan inflexio puntu bat ekarri duelarik”.
Halaber, etxebizitzak negozio edo inbertsio ondasun izateari utz diezaion bermatzeko eta eskubide bihurtzeko botere publikoek esku hartzearen beharra mahaigaineratu du gazte antolakundeak. “Gazteen etxebizitza eskaria higiezinen merkatuaren gorabeheretatik kanpo egon beharko luke, honek gehiegizko salneurriak eskaintzen ari baititu,eta botere publikoek, bai Foru Gobernuak bai eta udalek ere, Geroa Bairen eskutan daudenek egiten hasi duten moduan, gazteek etxebizitza duina lortzea eta salneurri lorgarrian edukitzea mesedetuko duten mekanismoak aktibatzera beharturik daude”, ziurtatu dute Gazteok Baiko ordezkariek.
Era berean, Nafarroako landa eremuetan alokairu lorgarria mesedetzeko bere Departamentuak aktibatu dituen ekintzetako batzuk azaldu ditu Aierdik, landa eremuan bizitzearen alde edo haien herrietan geratzearen alde egiten duten gazteei etxebizitza alternatiba bat eskaintzeko helburuarekin. Horrela, landa eremuan udalen jabetzakoak diren eta erabilerarik ez duten eraikinak aprobetxatzeko aukera aipatu du, horietan alokairuko etxebizitza sustatzeko haien zaharberritzea sustatuz. Ekintza mota hauek Pirinioko toki ezberdinetan burutu dute jada.